Loraldia 2018

Dena ez da Athletic izango

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2018ko mar. 9a, 18:32

Izaro edo Athletic. Athletic edo Izaro. Horra hor auzia. Izaro: sarrerak aspalditik hartuta geneuzkan. Athleticek Marseillan jokatzen zuen. Eta Izarok disko berria aurkeztu behar zuen.

Arriaga antzokia beteta zegoen Izaro eta taldea taularatu orduko: bateria, baxua, gitarra, pianoa eta ahotsa. Atrezzo xumea agertokian: alfonbra hippy batzuk, limondo ‘gazi-gozo’ bat eta koilarak. Delirios kantarekin hasi zuten kontzertua, bigarren diskoaren aurkezpena. Urduri zegoen Izaro. Bere berbetan eta keinuetan nabarmena zen eta mikrofonoa hartu orduko hainbatetan aitortu zuen. Bere debuta zen Arriagan eta denbora asko zeraman kontzertua prestatzen. Ordu eta erdi egon nintzen erlojura begiratu barik, sakelakoa amatuta. Inguruan, ez zen inor berbetan aditzen. Ezina ekinez egina, beraz. 

Arestian aipatzen nuen disko-aurkezpena zela. Set-listako lehen kantak berriak ziren guztiak. Arrapaladan kantatu zituen Izarok, 'Eason' aurkezteko gogoz zegoela erakutsi guran. Lehen diskoarekin etxe bat egin nahi bazuen, bigarrenean hiri bat eraikitzeko asmoa daukala esplikatu zuen. Izen aproposa 'Eason' orduan, diskoari Donostia dariolako, bere Donostia: pisukideak, lagunak, uda eta danborrada. Nik ezagutzen dudan Donostia berdina, hain zuzen ere. Horregatik, agian, nire lagunei hasiera apur bat luze egin zitzaien eta niri ez. 

Martxoak 8 eta gonbidatuak 

Eten bi egin zituen Izarok kontzertuan. Lehena, kontzertu erdian eta bere ale txikia jarri zion greba feministari. Lantokietan bezala, bandak irudikatu zuen zer gertatuko zen emakumerik egon izan ez balitz: ez pianistarik, ez argiztatzailerik, ezta Izaro bera ere. Kontzerturik ez, beraz. Mallabitarrak gogoratu zuen emakume asko arrakastatsuak direla ‘a pesar de’ eta ez ‘gracias a que’ eta eskerrak eman zizkien berarentzat garrantzitsuak diren emakumeei. Bigarrena, ‘beste bat’ entzuteko zain egiten ei dena. Bien bitartean, Er(h)ori singlea eta disko zaharreko kanturen bat jo zituzten. Hainbat gonbidatu ere agertokira igo ziren: Mikel Urdangarin, Xabier Zeberio edota Letu. Horren ostean, bisak etorri ziren. Besteak beste, Koilarak, agertokiari keinu eginez, eta La Felicidad, indar handiko kanta dantzagarria, jo zuten azkena.

Kontzertua klimaxean amaitu zen: entzule guztiok txaloka eta txistuka. Musikan murgilduta egon nintzen atzekoak pipak jaten entzun arte. Orduan, San Mames etorri zitzaidan burura eta konturatu nintzen Athleticen partida zegoela eta 2-0 galtzen ari zela. 3-1, azkenean. Partida negargarria, beste bat aurten. Eskerrak Izaroren kontzertura etorri nintzela. Ostegun tristea izango zen bestela.


Argazkiak: David Herranz (Loraldia)