Euskaldunak: arduratsu, jantzi eta militanteen tribua!

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2018ko api. 18a, 09:09

Euskaldun izatea erantzukizun handiko zeregina da. Egun osoko dedikazioa eskatzen du, eta jakintza entziklopedikoa ezinbestekoa da.

Hizkuntzan aditua izan behar dugu eta euskararen nondik norakoak ondo ezagutu behar ditugu. Esate baterako, dialektologian oinarrizko ezagutza beharrezkoa da: euskalki bakoitzak zer berezitasun daukan eta non erabiltzen den.

Historia-nozio batzuk izatea ere komeni da. Gauza jakina da enpatia handiko animalia morbosoak garela, eta euskarak jasandako zapalkuntzak moralistak asetzeko beste pasadizo ditu. Pasadizo kutunak frankismoaren zapalkuntzarenak eta gazteleraz kostata egiten zuten euskaldunenak izaten dira, euskarari eutsi ziotenak beste irtenbiderik izan ez zutenak izan balira bezala. Oharra: gertuko kontakizunek puntu gehigarriak ematen dituzte.

Hizkuntzan aditua izateaz gain, euskaraz egiten diren adierazpideak ere ezagutu behar ditugu. Hamaika arte dago, baina hiru menperatzea beharrezkoa da: musika, literatura eta, nola ez, bertsolaritza. Bost axola gustuko ditugun ala ez, menperatu egin behar direlako. Sortzaile mainstream-ez gain, sakonean ezagutu behar ditugu eszena guztiak, izan ere, beti baitago lagun baten laguna liburu bat edo disko bat atera duena. Kultura garaikidearekin batera ezin dira klasikoak ahaztu. Ez dago jakiterik noiz identifikatu beharko dugun Aresti edo Xalbadorren aipu bat. Sasoian sasoiko gaiak ere badira, folkloreari lotuak batez ere. Adibidez, udako dantzaldiak direla-eta, ondo dago euskal dantzei buruz ikasitakoa gogora ekartzea eta Miel Oxin eta enparauei buruzkoa inauterietan. Hori gutxi balitz, kontuz joera berriekin, ze Handia pelikularen arrakastari esker zineman pilak jarri beharko ditugu.

Euskaldun izatea, berez, exijentzia handiko beharra bada, euskaldun alfabetatua izateak exijentzia-maila koska bat gehiago igotzen du. Arestian aipatutakoaz gain, guardiako-zuzentzaile, itzultzaile eta, finean, euskaltzain izendatzen gaituzte de facto. Horren ondorioz, edozein gairi lotutako testuak zuzendu edota itzuli beharko ditugu alegria-dulantziz ala ez. Berbarako, berdin-berdin itzul dezakegu prentsa-ohar bat, hileta bateko azken agurra eta Ken Zazpiren kanta bat. Benetan be, oso esperientzia aberasgarria da, curriculumetako atalen batean agertu beharko litzatekeena. Izan ere, C1 bat dugunoi lan-elkarrizketetan galdetu beharko ligukete jardunean gauden euskaldunak garen ala ez.

 

Galzoriko espeziea Bilbon

Zaila da gu aurkitzea, jende preziatua gara; are gehiago Bilbon, eta aurkitzen gaituztenean animalia exotiko baten pare sentitzen gara. Parekoak ez du sinesten bilbotar euskaldun baten aurrean dagoenik. Erdalduna bada, edo euskaldun erretiratua, pentsatuko du herri batekoak garela. Bizkaieraz, edo bizkaiera antzean, egiten badugu Durango eta Ondarroa artean kokatuko gaitu, sekula santan Arratian edo Nerbioin, bestela Gipuzkoan. Euskalduna bada kate-maila galdua edo galzoriko espeziea garela pentsatuko du. Jatorra bada, zorionduko gaitu euskaraz egitearren, bestela, "baina Bilbon badakizue euskaraz egiten?" galdetuko digu destainez. Gero batak zein besteak galdetuko digute euskara etxean ikasi dugun eta, eskolan edo euskaltegian ikasi badugu, "oso ondo egiten duzu" erantzungo digute harridura disimulatu bitartean. Azkenik, gure arropari erreparatuko diote. Mendi-botak, petatxo prakak eta belarritakoak ez baditugu janzten, bere onenean pentsatuko dute irakasleak garela, edo frikiak, baina nekez pasatuko zaie burutik euskaraz bizi nahi duen jende normala garenik. Stress linguistikoaren ajeak omen.

Azken batean, euskaldunok militanteak, alternatiboak, euskaltzaleak, gaztetxeroak, ekologistak, feministak edota kultura-zaleak, finean progreak, ei gara, euskaldun izateko molde bat eta bakarra balego bezala. Arrazoi asko dago topikoaren atzean eta bat baino gehiago guk geuk elikatua. Esaterako, gure hedabide askoren agendari erreparatuz gero, gai aukeraketa eta berau jorratzeko erabiltzen ditugun tonu eta ikuspegiak ikusita, ohartuko gara kanpotik ematen dugun itxurak sarritan bat egiten duela topikoarekin. Askotan, euskaldun gutxiri interesatzen zaizkigun kultura handiko gaiekin betetzen ditugu hedabide askotako orriak, eta horrek gure kultura-zale fama elikatzen du. Gure kritikei arreta jarriz gero, konturatuko gara normalean gure kitsch-etik ateratzen direnak egurtzen ditugula. Euskadi Gaztea kritikatzea maite dugu ustezko euskaldun-moldetik kanpo dagoelako. Bost axola digu euskarara gazte gehien hurbiltzen duen hedabidea izateak, ez bada guk nahi dugun bezalakoa. Nahiago dugu gure moldearekin bat egiten duen edozein hitz-hurrenkera infumable goraipatzea, euskaldunak, oharkabean, hiriko-tribu bilakatu garelako gure kode, erreferentzia eta zirkuitu propioekin.  

Oharra: Argazkia Wikipediatik atera dut, Creative Commons litzentziapean dagoena, eta Argia aldizkaritik atera zuena (zelango buelta!).