Sarriren unibertsoaren 12 interpretazio libre (+ zurea)

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2018ko urr. 18a, 17:07

Liburu bat irakurtzen dugun bakoitzean irudietara ekartzen dugu. Ez naiz salbuespena eta, kiniela eskuan, Gure Oroitzapenak (Adabaki Ekoizpenak, 2018) ikustera joan nintzen.

Idazlea zeozer bada, bere obra da, eta Joseba Sarrionaindiarena irudietara eraman dute 12 zinema-zuzendarik. Iurretarraren mesederako da, gainera. Pertsonaiaren itzala hain da luzea, non idazlea dela ahazten zaigun maiz, eta pelikulak gogorarazten digu Sarri zeozer bada, bere unibertso literarioa dela. Ez da gutxi.

Edozein lan-koraletan bezala,filmean igartzen da esku ugarik parte hartu dutela. Zuzendariek oso estilo ezberdinak dituzte eta obraren interpretazioa horren araberakoa da, norberaren kinielaren kalterako. 12 pelikula independente diruditen arren, hari batek lotzen ditu: gaitegiak. Bada, Sarrionandiaren obrako gai nagusiak agertzen baitira lan poliedrikoan eta osotasuna ematen diote: umezaroa, kartzela, ama/ gurasoak uztea, tortura edota erbestea. Batzuetan nabariago, besteetan sotilago, baina edozein Sarrizale arruntek identifikatzeko moduan. Pieza bakoitza zein obrari dagokion asmatzea, beste upel bateko sagardoa da, ordea!

Literatura zinemaren inspirazio-iturria izan da askotan eta Gure Oroitzapenak kate horren azken begia da. Sarriren obra gustuko duenak 12 interpretazio libre ikusiko ditu eta aukera izango du, gainera, bere buruan dituen irudiekin alderatzeko, amaieran obren izenak agertzen direlako. Bestela, iurretarraren unibertsoan murgiltzeko gonbidapen iradokitzailea da pelikula eta, batek jakin, irakurle berriak erakartzeko bidea ere bai. Kiniela eraman, ea zenbat asmatzen duzuen!