Bere erabakia izan da eta azalpenak entzun beharko ditugu iritzi osatuagoa eman aurretik. Arrazoiak arrazoi, Athleticek badu zer hobetu: edonork ulertuko zuen ez berritzea, baina inork ez klubak erabili dituen formak, are eta gutxiago aintzat hartzen badugu taldeko kapitaina dela.
Susaetaren auzian talde zurigorriaren kudeaketa hasiera-hasieratik txarra izan da. Ez Urrutiaren, ez Elizegiren zuzendaritza-batzordeek ez zuten interes berezirik erakutsi jokalariaren egoeran. Martxoan Susaetak iragarri zuen klubeko inor ez zela berarekin harremanetan jarri. Apirilean, jokalariak soldatari eustearren, taldearen eskaintzarik uko egin ziola argitaratu zuen Radio Marcak. Eta maiatzean Beñat, San José edo De Marcos errespetu eske aritu ziren. Jokalari arabarrak Radio Euskadin esan zuen maiatzera 2ra arte Athleticek ez zuela eskaintzarik egin, Rafa Alkorta kirol-zuzendariak Onda Vascan berretsi zuena. Kontu jakina da harrezkero gertatu dena: ohar soil baten bidez jokalariaren erabakiaren berri eman du klubak, noiz-eta astelehen buruzuri bateko 21:30ean, ia-ia “gauekotasun eta maltzurkeriaz”.
Markelek besterik merezi zuen. Bere zenbakiei esker Athleticen historian sartu da eta haren tamainako agurra merezi zuen, Gurpegik, Iraizozek edota Iraolak izan zuten modura. Azken 30 urteetako belaunaldirik onena erretiroa hartzen ari da eta formak zaintzea premiazkoa da, geratzea erabaki zutenekin bereziki. Datozenei bereziak garela erakusteko modurik onena da eredu direnei aitortza egitea. Espero dezagun Athleticek okerrak zuzentzea eta Adurizi behar moduko omenaldia eskaintzea. Berak ere merezi duelako.