Urria: lehenengo zita

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2019ko urr. 4a, 10:27

"Puerto Banús" Ricky Salvatierrak egina, CC BY-NC-SA 2.0 lizentziapean

Hasierak beti izaten dira bereziak. Itxaropena ematen dute.

Dena da estreinakoa, dena fantasia, dena ilusioa. Zu zarena, eta izan zaitezkeena ere bai. Misterio puntu bat ere badu eta horrekin jolasten ikasi behar da. Dena da posible, dena gertagarri, dena pozgarri, edozein buruhaustegai ere bai.

Uriolan tarteka idatzi arren, hilabetean behin idazteko konpromisoa hartu dut eta uztailera arte iritziari, zernahi den horri ere, emana izango naiz zuekin. Dena dago egiteke, dena esateke, denari barre egiteke. Batek jakin nola amaituko dugun udan, lehenago ez badugu mozten edo beste bat ezagutzen, baina nire aldetik saiatuko naiz, ahaleginduko naiz, lehenengo zitako tentsioari eusten. Ez dut esaten lortuko dudanik, baina urri hasiera, edozein hilabete hasiera bezala, oso aproposa da asmo berriak plazaratzeko. Hala izan bedi, azarora arte!