Bizitzan, 5000 pertsona ezagutzen ei ditugu, beraz, adin batetik aurrera, lagun berri bat sartzen denean, besteren bat irteten da. Ezagunen multzokoa izango da, kalean elkar ikusiz gero, bekainak apur bat altxatuz agurtzen dugunetako bat. Edota berarekin hitz egiten dugun aldiro, geure buruari galdetzen dioguna nondik ezagutzen dugun, benetan ezagutzen al dugun edota gure klasean egon ote zen.
Lagunen kudeaketa, izatez, zaila balitz, multzo horretan badago azpimultzo bat gobernaezinagoa: ezagutu barik kalean beti topatzen dugun lagun-taldea, egunerokoan sekula saludatu ez, baina gure herritik kanpo ikusterakoan, ziurrenik, agur ñimiño bat egingo dioguna, bat-batean, gure burmuinean leku bat libre geratu izan balitz bezala. Edota lagun batek aurkeztuz gero, disimuluz “urte askotan” esango dioguna, batak zein besteak ondo jakin arren komedia eskas bat antzezten ari garela. Desmemoria eta harridura aurpegia beti izan dira lotsa aitortzeko erarik zibilizatuenak, ez baita batere elegante onartzea “ezagutzen zaitut, askotan gurutzatzen gara, baina ez zaitut agurtzen ez gaituztelako ofizialki elkar aurkeztu eta ahalik eta itxurarik onenak egiten ari naiz”. Lege sozialen bat edo beste urratuko genuke eta ez gaude, adin batetik aurrera, nolanahi desobedienteak izateko moduan. Ausardia dosifikatu behar da.
Laster Gabonak helduko dira. Garai oparoa da lagun eta ezagunekin topo egiteko. Urtero ezagutzen da jende berria, beraz “zaharra” ahaztu ere bai. Zu ahaztu bazaitut, jaso ezazu patxo hau desenkusa gisa eta kontuan hartu ni ere izan naitekeela beste batek ahaztu duena.
Zorionak eta urte berri on!