“Egoera larria da, gogoeta egin behar dugu” esaten duten bitartean, honako hau esaten ari direlako: “Gogoeta zuk egin, ondorioak neuk emango dizkizudalako”. Krisi aurreko berberak izaten dira. Kasualitatez.
“Krisia aukera da grezieraz” eta batek baino gehiagok ondo aprobetxatu du norabidea aldatu behar dela errepikatzeko, gustuko tokira, noski. Espektatibak hain goian jartzea frustrazio-iturria izan daiteke, ordea, eta, ligatzean bezala, komeni da helburu xumeagoak, errealistagoak eta egingarriagoak ezartzea. Egia esan, hiru hauekin konformatuko nintzateke:
- Eskuak garbitzea: etxera sartzean, zeozer jan aurretik edota txakur bat ikutu ondoren (tabernetan bereziki), eskuak garbitu behar dira, aukeran xaboiz (horretarako jabeen konplizitatea funtsezkoa da). Zibilizazio kontu bat da higienea eta eskuak ondo garbitzea adierazle nagusietako bat dutxa hartzearekin batera.
- Doministiku egitean ahoa tapatzea: zure germenak elkarbanatzea ez da eskuzabal izatea. Hatsa darie, gainera. Beraz, eskuaz, zapi batez, ukondoz edo nahi duzun moduan tapatu zure burua doministiku egiterakoan. Puzkertxo bat eskapatzen bazaizu ez da ezer gertatzen, tua bada bai.
- Umeek eta adinekoek ordutegi ezberdinak izatea: gurasoak moldatu behar dira umeen bizimodura, ez alderantziz, heldua gurasoa delako eta umea umea (nahiz eta batzuetan bereizketa zaila izan); aita edo ama baita arduraz jokatu behar duena eta eredu ona izan. Gainera, seme-alabak izatea hautazkoa da, ezin baduzu zure bizimodua moldatu, neurriak erabili.
Amaitu aurretik kontu bat, goizegi da ondorioak ateratzeko, bereziki, krisia ez baitugu gainditu ere egin. Horregatik, tentuz jokatu koronabirusaren krisia mundua aldatzeko aukera dela diotenekin, bere programa saltzen ari direlako autopromozioan; helburu xumeagoak, errealistagoak eta egingarriagoak baditu ere.