Kotxeak pasatzen ikusten ditut, musukoa hala moduz daramatenak madarikatzen ditut eta edukiontzien artean txiza egiten ari den agureari erreparatzen diot. Oso eleganteak dira pareko bizilagunen altzariak; egurrezkoak eta galantak. Zer ikusten egongo ote dira telebista handi horretan? Bazterreko terrazaren burrunba ere entzuten da, baita autobusen triki-traka ere. Azken bidaia izango da; berandu da eta bihar lanera joan behar…
Kuriosoa da kaleak gauez hartzen duen kolorea. Atzealdeko lehoia (Alfred Hitchcock, 1964) etorri zait burura. Eraikinen marroixkaren isla izango da, akaso; ni ez nagoelako James Stewart bezala zelatari; aitzitik, ezarian-ezarian nire artean biltzen hasia naiz. Ez dakit zer ordu den eta berdin dit; gustura nago. Hortik zehar dago gogoa jadanik eta terrazan geldirik zangoa; ohera joateko prest, popa zuri bat ikusi dudan arte. Nire pareko auzokidea da eta egongelako arropa batzen ari da. Koloreagatik igartzen zaio ez dela hondartza nudistetara joaten. Orduan, neure onera etorri eta zera pentsatu dut: agian ni ere ikusi nau.