Maiatza: Ostiral arratsaldea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2021ko mai. 14a, 12:14

Ostiral arratsaldea da. Eguzkia dago. Garagardo bat hartuko nuke gustura, baina zutabea osatu behar dut. Hitza eman nuen eta, euskaldun ona naizen aldetik, zer agindu, hura bete behar dut. 

Lan nekeza eta gogorra, beraz. Ez naiz Ruper Ordorika bezala hasiko, Euskal Herria konpondu nahi dutenen kupoa beteta dagoelako aspalditik.

Egia esan, ez da hainbesterako. Zutabe bat hilean. Libre. Gaiak bururatu ahala sakeleko oharretan apuntatu nitzake. Oso aplikazio praktikoa iruditzen zait. Batetik, ideia handiak idatz ditzakegu, noiz garatuko zain, eta; bestetik, erosketa zerrenda gorde dezakegu bertan. Gizon-emakume handiaren bi aldeak aplikazio berean: mundua aldatuko duten ideiak eta etxeko lanak.

Iaz, komuneko paper eskasia egon zenean, bati baino gehiagori damutuko zitzaion telefonoko oharrak baliatu ez izana. Gogora etorriko zitzaion komunera joaten zen bakoitzean. Izerdi batean irudikatzen dut ontzian, orri-kopurua artega kalkulatu eta atzera kontua buruan jira-biraka: “Hemendik zenbatera garbituko beharko naiz sukaldeko paperarekin”. Konponbidea, berez, zentimetro batzuetara zeukan: bideta. Paradoxa bikain laburbildu zuen Saint-Éxuperyk, “funtsezkoena ikusezina da begietara”. Berari ere gertatuko zitzaion, nonbait.

Bihotzarekin begiratzea aholkatu zigun frantsesak, baina errezeloa dut ikusten ez duten begiek ez dutelako negarrik egiten. Ez naiz negar egitekoa, baina batek jakin noiz hartuko dituen bizio berriak. Hori gertatu zitzaion gure klaseko bati, kozinatzen hasi eta sukaldari bihurtzea. Aspalditik ez daukat bere berri eta lerro hauek irakurtzen baditu, jaso dezala besarkada bat. Espero dut dena ondo joatea. Ni ondo ere bai. Ostiral arratsaldea da, zutabea amaitu dut eta banoa garagardo bat hartzera!

 

Argazkia: "Mass Bier!" by Chris Benseler is licensed under CC BY 2.0