Aldatzea, berez, zaila da; oso. Errotuta ditugun bizioak gainetik kentzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula; haatik, putada bat da. Diziplina eta patxada behar-beharrezkoak dira. Komeni da burugogorra eta lasaia izatea; yin eta yang nahastea. Izan ere, gorputzak eskatzen digunari muzin egin behar diogu, gogorik gabe gaudenetan ere, adibidez, sofan edo ohean liburu bat hartu eta, begiak ixten zaizkigunean.
Balentria handia iruditzen zait eta asko miresten ditut hori egiteko gai direnak. Barne-indar handia funtsezkoa da, batez ere, loguraren tamainako liburukotea bada esku-artekoa. Patxada ere behar du letrak banan-banan deszifratzeko eta tematia izan ez lokartzeko. Tentaziorik ez aldatu nahi duenarentzat, aldatzeak sarri ekartzen duelako ohitura aspergarriagoak barneratzea: aharrausiak hartu eta loari izkin egitea. Zer egin, orduan (II)?
Bada, nire ustez literaturari zuku guztia ateratzea, hau da, liburukote bat hartu, aukeran klasiko bat, aliritzian orri bat aukeratu eta irakurtzen hastea. Apurka-apurka gogoa joango zaigu eta begirada ere bai. Letrak nahastuko ditugu eta burua noiz edo noiz jausiko da. Adurra sentituko dugu aho barruan eta, konturatu aurretik, aingerutxoekin egongo gara ametsetan. Horrela beteko dugu Urteberriko erronka eta ondo deskantsatzea (2x1). Erraz-erraz.