Irakurri dudanez, test bat egin behar da, baina nire hizkuntza agiriak ikusita, ez dut uste beharrezkoa izango denik. Bada, euskaldunberria naiz, eta egun euskara irakaslea ere, beraz, gai naiz, munduko hizkuntza zailenetako bat ikasteaz gain, berau irakasteko. Aparteko adimena dudalako frogak agerikoak dira, eta aztoratuta nago. Horregatik, MENSAkide izan nahi dut, ni bezalakoekin egoteak barruko ezinegona apaltzen lagunduko didalakoan.
Datozen lerroetan egoera azalduko dizut, gustu txarreko bromatzat ez dezazun hartu. Epaile batek ebatsi berri du munduko hizkuntza zailenen artean bosgarrena dela euskara, zientzia orri batean oinarrituta. Hau da, epaile batek eta zientzialari batek aparteko adimena dudala frogatu dute oharkabean. Diotenez, “hizkuntza honen zailtasun nagusia da ez duela inongo loturarik beste ezein hizkuntzarekin; izan ere, bilakaera bakarra izan du, eta horri gehitzen zaio haren egituraren konplexutasuna, hiztegiari dagokionez, hitzen esanahia aldatu egiten da ehunka atzizki, aurrizki eta artizki gehitzen direnean”. Nor naiz zientziari eta justiziari kontra egiteko? Hori dela eta, nire aitortza nahi dut euskaldunberria naizen aldetik, izan ere, balentria handia baita, neurriz kanpokoa, alimalekoa, itzela, mundiala...
Lotsa ematen dit hauxe dena aitortzeak, oso pertsona umila naizelako, baina errealitatea gordina da: jenio bat naiz. Horrenbestez, MENSAn izena eman nahi dut, arestian aipatu bezala, elkartean parte hartzeak berau onartzen lagunduko didalakoan. Ez da batere erreza izan pausua ematea, lagunak ere galdu ditudalako bidean, baina publiko egitea erabaki dut, jakin badakidalako asko direla ni bezalakoak. Ez zaudete bakarrik, ez gaude bakarrik. Horregatik, onartzen banauzue, elkartean kategoria berezia sortzea proposatuko dizut, “Basque new speaker”; denok lekua izan dezagun; gure egoera berria partekatu, onartu eta elkar zain dezagun. Trauma handia da eta arreta berezia behar dugu, aurkikuntzak gure bizitza errotik aldatu duelako.
Amaitu aurretik, eta balentria handia ez bada, oraindik ez bainaiz elkartekidea, Gabriel Aresti, Txillardegi eta Fermin Muguruza “Ohorezko MENSAkideak” izendatzeko gonbita luzatzen dizut, euskara ikasi ez ezik, berau modernizatzen aparteko ekarpena egin dutelako.
Aipatutakoa kontuan hartuko duzulakoan, aldez aurretik eskerrak emanez,
Jon.