Bote lasterrean, baietz erantzungo genuke, jokalariak azalaren koloreagatik epaitu baitituzte. Halere, haiei galdetuz gero, ezetz erantzungo ligukete eta, egia aitortuko dizuet, litekeena da arrazoia izatea. Izan ere, euren egunerokoan ez baitituzte pertsonak azalaren koloreagatik epaituko, ezta hori egiten dutenak babestu ere. Zergatik egiten ote dute hori, ordea, Vinicius edo Giften kasuan? Bada, Athletic, Real Madrid edo Vinicius gorrotatzen dutenez, edozer esateko prest daudelako, gizalegearen mugak gaindituta ere.
Nire ustez, arazo eta arrisku nagusia hori da: “gorroto dudanaren aurka denak du balio” jarreraren ondorioz, arrazista ez denak arrazismoa normalizatu, zuritu eta hauspotzea. Giften fitxaketa auzitan jartzen duena normalizatzen ari da, Euskal Herrian jaiotako bi pertsonen artean, zuria beltza baino bertokoagoa delako ustea. Era berean, zuri eta beltz baten artean beltza tximinoa dela dioenak indartzen du beltzak atzeratuago daudelako diskurtsoa.
Denok jakina da zein izango den ondorioa, nahi gabe bada ere, zuriak bertokoagoak, peto-petoagoak eta aurreratuagoak garela sinesten dutenak indartzea, alegia, jatorria edo kolorearen arabera, kategoriak sortzen dituztenak. Izan ere, Elijah Gift Fermin Goñi deitu eta Vinicius irina baino zuriagoa izanez gero, bestelakoa izango litzateke kontua, baina beltzak direnez, beltzak direlako irainak eta mespretxua aguantatzen ari dira. Eta horrek izena dauka...