Isilik hobe, eta beste batek hitz egin dezala

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2024ko uzt. 4a, 08:37

Krisi garaietan ez dago klasikoetara jotzea baino gauza hoberik. Beti dute zer irakatsi, eta klasikoak direnez, ez dira zaharkituta geratu. Albert Camusengana egin dut nik, La chute (Erorketa, 1956) liburura, hain zuzen ere.

Obra benetan mamitsua da, denon ahotan dauden gai asko lantzen dituena. Azterketa sakonagoa mereziko luke, baina artikulutxo honek bi aipu baino ez ditu hizpide izango, biek ala biek ondo baino hobeto azaltzen dituztelako gaur egun elkarrizketak izateko ditugun arazoak.

1) “Nous avons remplacé le dialogue par le communiqué” (50. orrialdean)

Adierazpenak edo oharrak elkarrizketa ordezkatu duela dio obraren pertsonaia nagusiak. Hizlariak ez ditu ez bestearen ideiak, ez bere argudioak, aintzat hartzen. Ideia-trukea behar zena bakarrizketa meta bat bihurtu da, eta ez du beste berba-laguna jomugan. Argudioak aldez aurretik idatzita daude, eta gustuko ez diren auziak klixe bidez erantzuten ditu. Hori askotan ikusten da futbolarien prentsaurrekoetan, eta gero eta ohikoagoak dira politikarien artean ere. Ez diote kazetariari erantzuten, baizik eta publiko jakin bati, edo nork bere buruari. Adibidez, hori gertatu zitzaion Pello Otxandianori ETAri buruz galdetu ziotenean, EH Bilduko publikoari erantzun zion eta.

Beste batzuetan, ostera, sentimentalismora edota biktimismora jotzen du hizlariak, jakin badakielako berba-lagunaren argudioak ezerezean geratuko direla, zentzukoak izan daitezkeen arren. Horren ondorioz, arrazoi bidez irabazi ezin duena, ondokoa hunkitzen edo txarto sentiarazten lortuko du. Bada, nork esango dio bere pasadizo ilun bat kontatzen dabilenari, hau da, biktima bati, berarekin enpatizatu arren, ez dagoela bere ideiekin ados? Inork ere ez! Egurtuko dute eta! Norberak lehena, bere burua miserabletzat ikusiko baitu, hotz pentsatuz gero, kontra egiteko arrazoiak dituen arren.

2) “Oui, l’enfer doit être ainsi: des rues à enseignes et pas moyens de s’expliquer. On est classé une fois par toutes” (52. orrialdean)

Pertsonaia nagusiaren ustez, etiketak erabiltzen dira jendea sailkatzeko, mugatzeko eta, batez ere, Jon Sarasuak ETB1en esan bezala, “elkarrizketa gerta ez dadin”. Europa 51ean (Rossellini, 1952) pelikulan argi ikusten da Gerard andreak (Ingrid Bergman) azaldu behar duenean zergatik bere familia abandonatu duen pobreekin bizitzeko. Poliziek, medikuek zein abadeak bi aukera baino ez dizkiote ematen: moja izan nahi duela edota komunista dela. Gainera, etiketak jartzen dituenak, berez, joko-zelaia markatzen du, eta alperrik da, edo okerrago, nork berea azaltzea filmean bezala. Zenbat halako gure inguruan?

Hori dela eta, oso mesfidatia naiz, adibidez, umorea behetik gora baino ez dela egin behar entzutean. Izan ere, hori aipatzen duenak ondo baino hobeto zehaztuta izaten du zer den gora eta zer den behera, eta mugak bere pentsamoldearen tamainakoak dira. Gainera, askotan etiketak ere prest ditu zentimetro bat harago mugitu nahi duenarentzat, esate baterako, “apur bat” arrazista izatearena txiste arrazista batek barre eragitearren. Berdin da etorkinekin lan egitea edo boluntarioa izatea; txiste bat egin du eta.

Camusek obra honetan aurreikusi zuen etorkizuna: elkarrizketa alde batera utziko genuela adierazpen metak egiteko, eta etiketak erabiliko genituela jendea sailkatu, mugatu eta eztabaida oztopatzeko. Ondorioak: zentsura eta autozentsura, infernua lurrean, eta ideia-trukea lau dogmen menpe mugatua gure mundu txikian, zein mundu zabalean, inork ez diezagun “feminazi” edota “matxista” dei. Gainera, sare-sozialei esker edonork egin dezake. Beraz, ziurrenik, onena da isilik egotea, eta beste batek hitz egin dezala, beharbada Camusek, beharbada Sarasuak.