Gaur egun, multiatazaz funtzionatzen dugu, eta ez gara gai gauza bat bakarrik egiteko. Horrek eragina du gure kultur jardunean. Ziur zutabe hau irakurtzen duzun bitartean, musika izango duzula lagun, eta mugikorretik bazaude, hamaika jakinarazpen. Eta ez badut zure arreta berehala mantentzen, beste leiho batera jauzi egingo duzu; edozein aplikaziotara.
Presaka jarduten dugu. Obrak kontsumitzen ditugu, bata bestearen atzetik; antsiaz irentsi, pilatu edota baztertu. Pelikula bat bukatu eta beste gauza batera jartzen gara, utzi digun sentsazioa gozatu gabe. Liburuak apur bat aspertzen bagaitu, apalera itzuliko da, eta musikarekin zer esan, noiztik ez diogu kanta bati arreta osoa eskaini?
Estimuluak behar ditugu, etengabe, bata bestearen atzean, abiada bizian; eta kulturak patxada eta arreta, ordea. Gabonetan gaude, urte bukaeran, eta urte berriko asmoak aipatzeko garaia heldu da. Dagoeneko gimnasiora noanez, nirea hau da: multiataza albo batera uztea. Koaderno bat ere erosiko dut ideiak apuntatzeko, eta, auskalo, agian baten bat orriotara helduko da.
Bien bitartean, ondo ibili era urte berri on!