Mamuak Erroman

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2025ko ots. 13a, 11:07

Mamuak Erroman (Pietrangeli, 1961) pelikularen kartela

Boladaka funtzionatzen dut. Zuzendari bat gustuko badut, eskura dauden pelikula guztiak ikusten ditut. Horrela ezagutu nuen Clint Eastwood.

Aktoreekin berdin. Marcello Mastroianni izan da azkena, zineman trajea ondoen jantzi duen aktorea. Latin Lover ospea zuen La Dolce Vitari esker (Fellini, 1960). Gogoz kontra, egia esan. Alde komikoa ere bazuen, adibidez, Ezkontza italiar eran (Da Sica, 1964) pelikulan. Eta dramatikoa ere bai, noski, Egun berezi bat maisulanean (Scola, 1977).

Bitxikeriak ere filmatu zituen, Mamuak Erroman (Pietrangeli, 1961), berbarako. Mastroiannik hiru paper jokatzen ditu: Federico, Reginaldo eta Gino. Komedia xelebrea da. Riovanoko konteak, On Annibalek (Eduardo de Filippo), ez du bere jauregia saldu nahi, erreka jo arren. Arrazoia? Bere arbasoen mamuekin bizi da. Kontea hildakoan, bere loba Federicok jasoko du oinordetzan. Salgai jarriko du eta mamuak boikoteatzen saiatuko dira.

Kuriosoa da Federico. Hasieran ez du osabarekin harremanik, baina ezari-ezarian haren antza gero eta handiagoa hartzen du, keriak eta guzti. Oso errealista da bilakaera. Bizitza bezalakoa. Bada, nor ez da egun batean altxatu aitaren txiste berberak kontatzen? Nor ez da bat-batean konturatu ama dagoela ispiluan? Natura kapritxosoa da, eta hazi ahala gogorarazten digu nondik gatozen. Horixe da gure patua. Auskalo nori zor dizkiodan nire boladak, baina berari esker idatzi dut artikulua.