My Fair Lady Euskal Herrian

Erabiltzailearen aurpegia Jon Intxaurraga 2025ko mar. 18a, 15:33

Urtarrilean nire bihotza zabaldu nizuen eta otsailean aitortuko dizuet Audrey Hepburnekin izan nuela, zelan esan, maitasun garai bat. Platonikoa, jakina! Esan gabe doa ez nuela ouijara jo; ez nago burutik jota, bere pelikula askotara bai, ordea, besteak beste, My Fair Lady (1964, Cuckor).

Lehenengo eszenak kateatu ninduen. Higgins (Rex Harrison) hizkuntzalaria eta Pickering koronela (Hyde-White) pasearien auzoak asmatzen ari dira berbaerari erreparatuz. Orduan Eliza (Hepburn) ezagutuko dute, auzo txiro bateko lore saltzailea, eta hizkuntzalariak sei hilabete izango ditu goi-mailako modalak irakasteko (besteak beste, ingelesa), bestela Pickering koronelarekin apustua galduko du.

“Kontxo, hemen berdina egin dezakegu!”, eta nire imajinazioa hegaka hasi zen: Arriagako irteeran daude: “hau Begoñakoa da”, “hau Zamudiokoa” etab. Hizkuntzalaria Bonaparteren berri emaile bat da (Joseba Usabiaga biboteagaz?) eta koronela liberal euskaltzale bat (Ramon Agirre?). Orduan Eli ondarrutarra (Ainhoa Etxebarria?) agertuko da eta erronka honakoa: modalez gain, euskara batua ikas dezala (lizentzia bat da, tramak puntxa gal ez dezan).

Pelikula arrakastatsua izan daiteke, horregatik ideia partekatu nahi dut norbaitek erabil dezan, Creative Commons lizentziapean. Trukean, kredituetan nire izena aipatzeaz gain, paper txiki bat eskatuko dut, ez dut alperrik bibote dotore bat, ezpada film batean agertzeko!

Norbait prest?

Oh: Hepburn gustuko baduzue, hona gomendioren bat: Bi errepidean (1967, Donen), Charada (1963, Donen) edota Umeen ordua (1961, Wyler).