Pelikulak ikusteko bi modu leudeke: bikoizketa eta jatorrizko bertsioan azpititulatuta. Horrela bada, sektoreari bultzada emango genioke, eta "Azpitituluak euskaraz" taldekoek sortutako altxor parebakoa baliatuko genuke. Bestalde, euskara ikasten ari direnek hizkuntza hobetzeko tresna izango lukete, "English speaking"-eko modernoek euskarara hurreratzeko amua eta "Pantailak euskaraz" pozik, noski!
Gamelu onek bezala, hasieran dosi txikitan banatuko genuke: saioa hilean behin emititu eta noizbehinka zuzenekoak egin Euskal Herrian zehar publikoagaz (aurkezlea, filmaren nondik norakoak azaltzen bi aditu eta ikusleekin iritzi-trukea). Formula bikaina. Aurrekariak egon badaude, Bilbon klasikoak pantaila handian emititzen zituen BBK Aretoak eta esan gabe doa leporaino betetzen zela.
Izan ere, zinema klasiko gose handia dago inguruan; ez da besterik entzuten bazterrotan. Horregatik, EiTBko zuzendariek pausu bat eman behar dute aurrera euskarari bultzada emango badiote. Bada, ETB2n western pelikulak arrakastatsuak izan ziren, zergatik ez "Klasikoak gure hizkuntzan" ETB1en?