Zineman lapurretak dibertigarriak dira askotan. Guy Ritchie horretan da maisua: Snatch (2000), ijitoak, txerriak eta diamanteak, edo Lock, Stock and Two Smocking Barrels (1998), eskopetak, zorrak eta fumetiak. Klasikoetan, I soliti ignoti (1958, Monicelli) bada beste istorio bat lagun koadrila aldrebesa hizpide duena: lapur erretiratu bat, bahi-denda eta espagetiak. Iji eta aja. Barre eta karkara.
Halere, bizitza errealean lapurretak ez dira festa eta algara. Lapurrek ez dute Cary Granten xarma (To catch a thief, Hitchcock, 1955). Orriotan irakurri duzunez, Berbaizu Euskara Elkartean gure How To Steal a Million (Wyler, 1966) sufritu dugu, baina gu ez gara Pariseko museo bat, nahiz eta lokala zegoen koadro baten moduan. Materiala eta dirua ostu digute; glamourrik gabe, gainera, izan ere, butroirik ez; kristalean zulo bat! Hori zabarkeria!
Baina zer egingo diogu, ezpada aurrera egitea. Dirua behar dugu, bai, baina batez ere eskuak, ahoak, buruak eta belarriak Euskaraldia, hurrengo Prest! zenbakia, Berbaizuko ekintzak edota Elorriren bertso-emanaldiak antolatzeko. Berba batean, IRAKURLE, ZU BEHAR ZAITUGU, bai gure Pantera Arrosa (Edwards, 1963) berreskuratzeko, bai epaitegietatik datorren oldarraldiari aurre egiteko. Euskaltzale aktiboei esker erakutsiko dugu Deustun euskaraz bizi nahi dugula, erdalduntze makinari kontra egiten diogula.
Tristea da eskatzea, baina are tristeagoa lapurtzea. Euskarak batzen gaitu, euskaran herria gara. Animatuko zara?