Irakasle gelan nengoen. Azterketak zuzendu behar nituen. Halako batean, ttak: argia joan zen. Hasieran pentsatu nuen minutu bateko kontua zela, baina ez. Kuadrillan galdetu nuen, eta bai, kanpoan ere ilunpean. Putin izango ote zen pentsatu nuen. Itzalaldia zabaldu zen atoan. Ezker-eskuin, goitik behera.
Orduan, "Men in Black" (1997, Sonnelfeld) gogoratu nuen. "Akordatzen zara 1977ko itzaladiaz? Martzianoak izan ziren". Hotzikarak zeharkatu ninduen. Gerrara joateak ikara ematen badit, zer esanik ez martzianoek. Ur apur bat edan nuen. Tripak nahastu zitzaizkidan, "Eta ura pozoinduta badago?". Klasera abiatu nintzen. Azterketa neukan. Ezin kontzentratu, ordea. Zelan salbatu ikasleak? Zelan salbatu ikaskideak? Eta baten bat alien bat bazen, Maren bezala? ("La estación espacial de Teruel", 2020)
Ardura handia zen, handiegia. Ez naiz heroia izateko jaioa. Beldurti handia naiz, "terriblea", gure amamak zioen bezala. Txirrinak ez zuen jo, eta hotz bazkaldu nuen. Semafororik ez zegoen. Ezin azterketarik zuzendu. Etxera joan behar. Atoan! Arma bat neukan: musika topera jarri, eta martzianoren bat hurbiltzekotan, kaskoak desentxufatzea ("Mars attacks", Tim Burton, 1996). Autobusa hartu nuen, inguruari adi, tentsiopean.
Handik ordubetera, etxera heldu nintzen. Argia zegoen. Orduan sofan etzan, lasaitu eta pentsatu nuen: "Jon, agian pelikula larregi ikusten duzu, ezta?".