Mitoak errealitatea kontakizun fantastiko baten bidez azaltzeko sortzen dira. Metodologia zientifikoa garatu aurretik, sarri erabiltzen ziren bestela ezin ziren gauzak azaltzeko. Berez, ez dute zertan kaltegarriak izan, gure bizitzari zentzua ematen diotelako.
Arazoa da zientziei gailentzen zaizkienean, eta errealitatea estaltzeko baliatzen direnean. Bada, nortasuna mitoetan oinarritzeak arrisku handia dakar: beldurrak agerian uztea. Lurra ez da laua, eta euskara ez da Babelgo Dorretik datorren hizkuntza, Europako zaharrena edota munduko zailena etab. Izatez, besteak bezalakoa da, bere "tasun" eta "keria" guztiekin. Eta euskaldunok ere bai. Hobeto.
Horregatik eskertzen dira mitoak bere lekuan jartzen dituzten obrak, adibidez, Urtzi Regueirok idatziriko "Ni la mitad te creas" (Athenaica,2024) liburua. Bertan gure hizkuntzari loturiko mitoak eta kontakizunak ederto aletu eta zientifikoki dakiguna aipatzen du: jatorria, senideak, Iruña-Veleia etab. Dibulgazioa denez, edonork uler dezake, hain auzi korapilatsuan primeran datorrena.
Egia esan, berdin dit nondik datorren euskara. Europako hizkuntza zaharrena den? Bost axola. Azken indigenak garen? Bai zera! Euskara berezia da geurea delako. Horregatik, maitatu, transmititu eta, batez ere, erabili behar dugu. Horrek egiten gaituelako euskaldun. Eta inork ez duelako egingo gure ordez.