Irailean ordezkoa nintzen. Uste nuen besteren batek hartuko zuela zutabea, baina ezarian-ezarian, uztaila heldu da eta zuei agur esateko ordua. Hamar artikulu idatzi ditut guztira, honekin hamaika. Saiatu naiz atseginak izan daitezela, eta arinak. Euskarak ez du panfleto mardul egilerik edo pena kontalari gehiagorik behar. Nahikoa daude eta, gainera, ez nuke hobeto egingo.
Atzera begiratuz gero, zinema izan dut hizpide gehienbat, atzerrikoa eta erdaraz batez ere (mea culpa!). Hori dela eta, azken hilabete hauetan deskubritu ditudan artista euskaldunak gomendatuko ditut. Musikan, oso Toc zale egin naiz. Kafe Antzokian gogoz kontra ikusten geratu arren, iluntasunak engantxatu ninduen (Nire loaaaaa!). Horrez gain, Naxker eta Borla izan ditut "Cordobarako bidean bidelagun ". Gainera, "Egunen batean" kantak frogatzen du GKSek ez duela dena txarto egiten.
Literaturan, Jokin Muñoz aurkikuntza handia izan da. Gure historiaren miseriak ederto deskribatzen ditu. Bestalde, Miren Amurizaren "Pleibak" ez galdu (irailaren 16an Berbaizun!) eta udazkenean Julen Apellaren debutari adi egon (Berrizen harrobi oparoa dago!). Zutabegintzan hiru izen: Irati Zubia (idazkera atsegina eta adibide hurbilak darabiltzana), Oihana Zuberoa Garmendia (Zein da zure pentsatzeko txokoa?) eta Leire Vargas (egunerokoaren behatzaile zorrotza).
Hauxe izan da dena. Plazera izan da kultur gomendioak zuekin partekatzea. Espero dut baten bat gustatu izana. Orain bestaldera itzuliko naiz, irakurlearenera. Txarto esanak barkatu, euskaraz segi, eta ondo esanak kontuan hartu!