Normalizatuta ez dauden eremuetatik eraikitzen da erresistentzia

Erabiltzailearen aurpegia Irantzu Yaldebere 2015ko abe. 9a, 09:50

Mullerenean Okela Sormen Lantegiko kideen bisita izan genuen. Okela instituzioetatik at kokatutako arte plastiko eta bisualen espazio askea da.

Elkar elikatzea eta harremanak ardatz harturik hainbat arte-topaleku sortuz joan dira Euskal Herrian zehar eta, azken urteotako kontua dela ikusirik, herritarron beharrizan gisa koka dezakegu Okela.

Artea sektore prekarizatua da. Batetik, Hezkuntzan jasotzen duen balioa ez da nahikoa esperientzia estetikoaren formakuntzarako eta, bestetik, artisten egunerokotasuneko zailtasun ekonomiko zein sozialak nabarmenak dira.

Instituzioak gehienetan arte merkatuaren erdigunean daude, sistema bera indarrean mantenduz. Mundu honetan eragitea beharrezkoa da, egitura hauen barnetik zein kanpotik jarrera gogorra hartzea.

Beraz, espazio hauen beharra azpimarratzekoa da, lehenago planteatu ez diren eremuen ikerketan eta diskurtso berrien eraketan. Arteak bizitzarekiko harreman zuzena du, etengabeko hartu-emana suposatzen du. Beraz, artistak saretzeko, eztabaidak sortzeko, tailerrak gauzatzeko edota proiektu pertsonalak aurrera eramateko guneak ezinbestean gure artean egon behar dira.

Errealitatea nahas dezagun.