Beharrezkoak diren komunitateak

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Urizar 2018ko abe. 10a, 14:50

2000. urteaz geroztik, Haurrenganako Sexu-abusuen eta Beste Indarkeria Moten Aurkako Nazioarteko Eguna da azaroaren 19a. Gogoratu beharra dago 19. dela, hain zuzen ere, Haurren Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean haurrak babesteko beharra jasotzen duen artikulua.

Betebehar hori Estatuarena da (bera da-eta nazioarteko hitzarmenak sinatzen dituena); eta haurrak edozein bortizkeriatik —sexu-abusua barne— babesteko betebeharra du, baita erasoa haurra babestu behar duenaren aldetik datorrenean ere (izan aita, ama edo tutorea). Haurrak, beraz, eskubideen subjektu gisa hartzen ditu Haurren Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak, eta hori ez da, ez, gauza makala.

2000. urteaz geroztik, Haurrenganako Sexu-abusuen eta Beste Indarkeria Moten Aurkako Nazioarteko Eguna da azaroaren 19a. Gogoratu beharra dago 19. dela, hain zuzen ere, Haurren Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean haurrak babesteko beharra jasotzen duen artikulua. Betebehar hori Estatuarena da (bera da-eta nazioarteko hitzarmenak sinatzen dituena); eta haurrak edozein bortizkeriatik —sexu-abusua barne— babesteko betebeharra du, baita erasoa haurra babestu behar duenaren aldetik datorrenean ere (izan aita, ama edo tutorea). Haurrak, beraz, eskubideen subjektu gisa hartzen ditu Haurren Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak, eta hori ez da, ez, gauza makala.

Nazioarteko egun horren testuinguruan, Gure Sarea elkarteak III. Jardunaldiak antolatu zituen azaroaren 21ean,  UPV/EHUko Leioako fakultatean: «Haurren kontrako biolentzia sexualaren sekretua hausten». Izenburu horrek badu bere zergatia. Izan ere, haurrenganako sexu-abusuak, historikoki, tabu kutsu lodi trinkoa izan du beti: familiatik kanpo atera ezin zitekeen sekretua izan da. Eta, «familiatik atera» esaten denean, da horrelako abusuak, neurri oso handi batean, familia barruan ematen direlako (badaude monitoreek, irakasleek eta abarrek eragindakoak, noski). «Sekretua haustea» are onargaitzagoa izaten da aita denean abusatzailea, kasu hori delako, hain zuzen ere, ondorio larrienak ekarriko dituena.

Mota horretako abusuetan, biktimaren gain erortzen da estigmatizazioa —orain oso gutxira arte (eta egun ere) emaztea jipoitzen duen senarraren kasuetan gertatu bezalaxe—. Nahiz eta, askotan, adin txikikoak oso txikiak izan (bi, hiru, lau urte) «probokatzen zuela» eta antzeko aitzakiak ere entzun dizkiegu erasotzaileei. Eta, ondo ikusitako gauza ez bada ere, are okerragoa iruditu izan zaigu «jendeak zer zegoen jakitea», hau da, lehentasuna izan duela komunitatearen aurrean «izen ona» mantentzeak —gaur egun ere, kasu askotan, halaxe da—.

Garaitza elkarteak oso lan ausarta egin du, azaroaren 19aren kariaz: testigantzei aurpegia jarri die. Haur haiek, nagusiak izan direnean, salatu egin dute bideo sorta baten bidez zer pairatu zuten txikitan, urte luzez, eta zer-nolako ondorioak izan dituen horrek beren garapenean, beren bizitzan. Bada, gaur egun umeek ere horixe pairatzen dute, nahiz eta, logikoa denez, haurrak ez diren kamera aurrera agertzen. Leioako jardunaldietan oso ondo aipatu zuten bezala, ordea, «ezin dugu itxaron nagusiak izan arte itxaron, haiei sinesteko». Eta, zentzu horretan, gogorki salatu zuten haurren testigantzak ez direla haintzat hartzen prozesu judizialetan (eta zer gehiago egin dezake ume batek, kontatzeaz gain?). Testigantza ez dute ondo hartzen; ez dute konfiantza-eremurik sortzen —profesionalek behar bezalako formakuntzarik ez dutelako—; edota, umeek hitz egiten dutenean, haien testigantzak baliorik ez duela esaten da, zuzenean. Kontuan izan beharra dago kasuen ehuneko oso txikia salatzen dela (Save The Children elkarteak publikatutako datuen arabera), eta, gutxi horietatik, ia bat ere ez da heltzen epaitua izatera: itxi egiten da bidetik. Epaiketa bakan horietako asko, gainera, absoluzioarekin amaitzen dira. Hortaz, ez da gehiegizkoa esatea zigorrik gabe geratzen den delitu bati buruz hitz egiten ari garela. Zenbakiek, behintzat, horixe islatzen dute. Ez da iritzi hutsa.

Ezin bistatik galdu artikuluan aipatutako hainbat elementu. Kasu askotan aita bada erasotzailea, eta hura zigortzeko froga nahikorik ez dagoela esaten bada epaitegian… hurrengo pausoa da kustodia auzitan jartzea; eta, zio penalik ezean, salaketa jarri duen haurra behartuta egongo da salatuarekin joateko, bai ala bai. Ez da erraza haurrari egoera hori azaltzea. Eta, egin beharreko guztia behar bezala eginda ere, azkenean zigorra jasango du haurrak. Eta, umeak erasotzailearekin joan nahi ez duen kasuetarako ere, hortxe dugu pederasta batek asmatutako SAP delakoa («Síndrome de Alienacion Parental»). «Sindrome» hori, inplizituki, erabat indarrean dago gure inguruko epaitegietan (komunitate zientifikoak gaitzetsi egin duenez, baina, hainbat epaitegietan ez diote izen hori ematen, baina, de facto, aplikatu egiten dute). Existitzen ez den sindrome horri jarraiki, haurrak ez badu aita erasotzailearekin joan nahi, ez da abusatua izan delako, baizik eta amak «burua jan» diolako, joan nahi ez izateko. Horrela, ama manipulatzaile gaiztoari haurraren kustodia kenduko diote epaitegiek. Hala ari da gertatzen gaur, hemen, gure inguruan. Horren adibideak eman zituzten Leioan, ia 500 parte-hartzaileen aurrean.

Denen lana eta betebeharra da egoera iraultzea. Gure txikiek ondoan gaituztela jakin behar dute, sinetsi egiten ditugula. Denon erantzukizuna da haurrenganako sexu-abusuen sekretua haustea. Eta, jardunaldietan ondo baino hobeto azaldu zuten bezala, «komunitatea behar da haur bat zaintzeko; komunitatea behar da haur bat abusatzeko».