Justizia 2.0

Erabiltzailearen aurpegia Iratxe Urizar 2019ko mar. 1a, 13:21

Argazkia: Ecuador Etxea

Duela aste batzuk jakin genuen. Bilboko Salesianos ikastetxe erlijiosoko zenbait ikasle ohik salatu zuten eskolako apaiz batek sexu-abusuak eragin zizkiela urteetan (tira, badirudi hauxe bai, nigandik hurbil gertatu dela!). Eta, orain, infernutik bueltan ja, gertatutakoa kontatzeko adorea bildu, eta publiko egin dute bizi izandako amesgaiztoa. Bat, eta beste bat, eta beste bat... Etenik gabeko testigantza-jarioak frogatu du ez dela kasu bakana izan. Baina, batez ere, agerian utzi du erabat ezinezkoa zela eskolak ez jakitea zer gertatzen ari zen etxe barruan. Haur gehiegi, urte gehiegitan zehar.

Salaketak hamarnaka zenbatzen hasi zirenean ere, ikastetxeak “erdixka” baino ez zuen bere burua aipatutzat hartzen, ekandalua geroz eta handiagoa egiten zihoan bitartean. Orduan azaltzen da arreta gogor deitu didan zerbaitek: salatzaileak ez ziren inongo momentutan Ertzaintzarengana joan salaketa formala ezartzera, salaketa penal bati bidea hasiera emateari.  Hitz egitea erabaki zuten, bai, baina bestelako bide batzuk erabilita (behin adin nagusi zirela eta ondorioei aurpegira begiratuta): gizarteari zuzendu zitzaizkion, epaileengana joan ordez. Ondo baino hobeto hausnartutako erabakia izan zela iruditzen zait, preskribatuta zegoela jakingo zuten, noski, baina ez da hori ere salagarria den elementu bat? Preskribatuta egon izan ez balitz, Salesianoek agertuko ziren biktimen alde (azkenean egin zuten moduan) edo Gazteluetako zuzendaritzaren jarrera ez ote zuten hartuko? Zer gertatuko zen garai bateko haur eta gaur egungo heldu horiek epaitegietara jo balute? Salaketa ez zela inora helduko, eta ikastetxeak entzungorrarena egingo zuela pentsa dezakegu zeren…  Norbaitek uste du, benetan, ikastetxeak ez zuela gertatzen ari zenaren berri? 

Isiltasunari, tabu bat hausteko beharrari aurre egiten diote haurrenganako sexu-abusuek, beste edozeri baino lehen –edozein elementu prozesali baino lehen–. Kosta egiten da delitu hori onartzea eta kontatu araztea. Eremu intimoenean gorde izan baitira horrelakoak oraintxu arte, familiaren erraietan. Algortan aski ezaguna den andre batek argi eta garbi azaldu zidan kontua behin, herri hartan oihartzun handia izandako kasu bati buruz: «ez dizut esaten abusua gertatu ez denik; diotsudana da gauza horiek etxean konpontzen direla».

Ordea, gertatutakoa isilpean gordeta, benetan gertatzen zena zen abusatzailea estali egiten zutela, hark ez zuela inongo zigorrik jasotzen. Horrela jokatzeko argudioa: (hitz eginez gero) «haurra biziartean estigmatizatuta utziko duzu». Akabua! Inongo biktima ez litzateke estigmatizatuta izan behar bere azalean delitu bat pairatu izanagatik! 

Gizarteak ezin du jarraitu beste leku batera begiratzen. Salesianoseko abusatuek gizartea behartu dute gertatutakoaren berri jasotzera. Eta, txikitan sexu-abusuak jasan zituztenek (eskolan zein oso hurbileko beste eremu batean), seguruenik, zeharo eskertuko zuten haien ausardia. Gertatutakoaren berri jasotzera behartzea. Beste leku batera begiratzen ez uztea.

Haurrenganako sexu-abusuen biktimek delitua salatzean ez dute abusatzailea espetxeratzea bilatzen, bakar-bakarrik, prebentzio-neurri gisa bat da; alegia, beste haur batzuei berdina egin ez diezaien. Nahi duten bakarra da berriro ez gertatzea. Euren bizitza betiko aldatu da eta hori ez da konponduko abusatzailea preso egon ala ez.  Babesa eta aitortza sentitu nahi dute. Behar dute gizarteak uler dezala «ez zutela hura sufritzeko ezer egin», «ez zutela probokatu», gertatutakoa «ez dutela asmatu». Eta gertatutakoarekin bizitzen ikasi beharko dute, betiko, abusatzailea espetxean egon ala ez. 

Tamalgarria, benetan. Zer pentsatu eman beharko liguke jakiteak biktimak erreparazio-maila handiagoa lortuko duela delitua sare sozialetan publikoki salatuz gero, epaitegietara joanda baino.