Hilabete baino gehiago igaro da Irlandatik itzuli zirenetik, baina Garilak 26ko musikariek (tartean Ieltxu Gimenez bateria-jotzaile deustuarra) ondo gogoan dute bira hau. Lehen aldia zuten atzerrian, eta “aberasgarritzat” jo dute esperientzia taldekide guztiek. Abuztuaren 24an hasi zuten bidaia honek 11 eguneko iraupena izan zuen eta tartean, Cork, Belfast, Derry eta Dublin hirietan eskaini zituzten kontzertuak. “Irlandan dagoen kultura musikal handiak” harritu ditu gehien. “Asteko egun guztietan joan zaitezke tabernetara kontzertuak ikustera, eta batzuetan, bi edo hiru kontzertu egon daitezke aldi berean, eszenatoki desberdinetan”.
Euskal kulturarekiko duten interesa ere “sekulakoa” dela diote, eta “euskaldunekiko duten elkartasuna eta miresmena” gertutik ezagutu dituzte. “Sarri-Sarri, Txoriak-Txori eta Xalbadorren heriotzean kantak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte irlandarrek, eta gurekin batera kantatzen zituzten kontzertuetan”. Hori bai, letra asmatuta. Han egon diren bitartean, “ohi baino kontzertu laburragoak” eskaini dituzte, baina publikoak ezin hobeto erantzun duela diote Garilak 26ko musikariek. “Bukaeran, jendea zoriontzera eta gure diskoa erostera hurbiltzen zen”.
'Adrenalinaren zain' diskoaz ari dira, noski. Otsailaren 18an aurkeztu zuten, Ieltxu Gimenez deustuarrak grabatu, nahastu eta masterizatu ostean. “Autoekoizpen” honetan taldekide guztien lana bildu da nolabait, baina baita euskal musikagintzan eragin handia duten beste zenbait ko- laboratzaileren lana ere. Tartean, Zuriñe Hidalgo (Hesian), Pello Reparaz (Vendetta), Xabi Solano (Esne Beltza) eta Maria Rivero (Siroka) musikagileena. Behar bada horregatik, “diskoa osatzen duten zazpi kantak oso desberdinak dira haien artean, bai musika-estiloari begira bai letren esanahien arabera”. Gaiari dagokionean, jendartean ohikoak diren tramak lantzen ditu diskoak, taldekideen aburuz; “gertukoak. Parranda, gaua, feminismoa... denak ageri dira”.
Baina aldi berean oso egoera zehatz bati egin nahi diote erreferentzia lehen disko honekin. “Biran murgilduta gaudenean kontzertu asko jotzen ditugu etengabe, ia atsedenik gabe, eta taula gainean publikoarekin konektatzen dugunean sortzen den atmosfera deskribatu nahi dugu”. Diskoa zortzi eurotan eskuratu daiteke Elkar eta Fnac dendetan, baita Baga Biga ekoiztetxearen webgunean ere.
40 kontzertu baino gehiago
Esperientziadunak dira Garilak 26ko musikari gazteak. Azken urtean, 40 kontzertu baino gehiago eman dituzte, “gehienak Bizkaian”. Hala ere, gero eta gehiago ari dira Gipuzkoa aldera bidaiatzen. “Asko harritu gaitu aurten Gipuzkoako kontzertu batzuetan izan dugun harrerak, batez ere gazteen partetik. Kontzertua hasi aurretik, gure kantak abesten zituzten”. Hala ere, plazarik gogokoena Bilbo inguruan kokatzen dute. “Plaza asko egin ditugu, eta denek dute etorkizunean gogoratuko dugun zerbait. Baina aurtengo bateren bat aipatu beharko bagenu, besteak gutxietsi gabe, Bilbon eman ditugun Kafe Antzokiko, Santo Tomaseko eta Txori Barroteko kontzertuak izango lirateke”.
Eta noski, publikoaren babes horrek bultzada izugarria suposatzen du aurrera begira. Baina orain burua denboraldi amaieran dute musikari gazte hauek. “Kontzertu gutxi geratzen zaizkigu denboraldia amaitzeko eta oraindik ere Munichen (Alemania) eta Durangoko Azokako Ahotsenean jo behar dugu”.
Lan eta lan dabiltza, beraz, Garilak 26ko gazteak, etorkizunari ere erreparatu behar diotela ahaztu gabe. “Epe luzera, gure bigarren lana izango den horretan lanean hasiko gara pixkanaka, eta baita datorren denboraldirako bertsio berriak lantzen ere… edo guk esaten dugun bezala, adrenalinaren zain!”.