Zergatik joan zara Italiara?
Unibertsitateko Erasmus+ programari esker etorri naiz Italiara. Nire helburu nagusia Bilbon ikasi ezin izango nituen gauzak ikastea zen, eta Italiak izugarrizko eskaintza kultural eta artistikoa duenez, bertara etortzea erabaki nuen.
Non bizi zara?
Hiriburuan bizi naiz, Erroman. Alokairua hemen oso garestia da, eta erdigunetik urrun bizitzea erabaki nuen. Oso hiri kaotikoa da Erroma, eta auzo lasaiago bat bilatu nahi izan nuen. Gero konturatu naiz kaos hori ezin dela inola saihestu... Erdigunetik ordubetera ere ez.
Zelan egokitu zara?
Hirira egokitzea izan da zailena. Oso handia da, eta jendez eta kotxez betea dago. Eskerrak bertakoak oso irekiak direla. Horrek asko lagundu dit. Nik hasieratik nekien bertako bizimoduan murgildu nahi nuela, eta italiarrekin egoten saiatzen naiz.
Zerk harritu zaitu gehien?
Hiriak berak harritu nau. Asko maite dut Erroma. Eskaintza kulturala izugarria da bertan; egunero dago planen bat egiteko, egunero aurkitzen duzu txoko bereziren bat. Jendearekin ere maitemindu naiz. Eta hizkuntzarekin. Bertako bizimodua oso ezberdina da; askoz arinagoa. Baina kale erdian duela 200 urteko eraikinak aurkitzen ditut egunero, eta horrek asko harritzen nau.
Zelan bizi dira italiarrak?
Politikoki, guztiz zatitua dago Italia. Gobernuan aldaketak etengabeak dira, eta orokorrean, nik ezagutu dudan jendea ez dago pozik. Oso gizarte tradizionala da, erlijioak eta ohitura zaharrek izugarrizko garrantzia daukate. Zenbait bizikidetza arau oso barneratuta dituzte (adibidez, jende nagusiarekin oso eskuzabalak dira) baina beste batzuk ez (zaborra lurrera botatzen dute). Egoera ekonomikoa zaila da. Bizitza garestia da bertan, eta alde handia dago erdigunearen eta inguruko auzo marjinalen artean.
Zenbat gazte euskaldun eta espainiar aurkitu dituzu?
Ikastera etorri den jende asko ezagutu dut. Edonon aurki ditzakezu espainiarrak; tabernetan gaztelera entzuten da maiz. Euskaldunak gutxiago dira, baina radar moduko bat daukagu eta berehala topatzen dugu elkar. Artistak dira gehienak, lan bila edo ikastera etorri direnak, baina zaila da bertan aukerarik aurkitzea. Erroma jendez betea dago.
Zer diote italiarrek euskalduna zarela diozunean?
Hona etorri eta berehala saiatu nintzen etxe okupatuak eta kultur-gune alternatiboak bilatzen. Bertan aurkitu ditut euskaldun gehienak, edo euskaldunak maite dituzten pertsonak. Gure bizimoduarekiko interesa dute; gure egoera politikoarekiko. Egia esateko, asko harritu naiz guri buruz uste duguna baino gehiago dakitelako. Kukutza ere ezagutzen dute. Euskaraz hitz egiteko ere eskatzen didate maiz.
Zer duzu faltan?
Familia, lagunak... Gertukoak ditut faltan. Deustun egunero ikusten dudan jendea. Baita Euskal Herriko paisaiak ere: hondartza, mendialdea... eta Deustu bera, guk daukagun familia txiki-handi hori. Martxoan, laster bueltatuko naiz, Deustuko Jaiak galtzeko ausardia bildu ez dudalako oraindik.
Eta zer ekarriko duzu Italiatik?
Bizipen eta esperientzia ugari eramango ditut. Ideia berriak, inspirazioa. Gure eremutik harago mundu zabala dagoela ikusi dut, eta uste baino aukera gehiago dagoela bertan. Lagunak ere eramango ditut, lagun onak, Deustun faltan izango ditudanak. Eta noski, betikoak: pizza zati batzuk, spaghetti pakete bat, risottoa egiteko errezeta...