Musika belarrientzako... eta ingugiroarentzako

Erabiltzailearen aurpegia Jaione Ayestaran 2017ko uzt. 5a, 08:00

Argazkiak: Jon Urrutia

Material birziklatuekin, orotariko musika-tresnak sortzen ditu Jon Urrutiak Trakamatraka tailer didaktikoetan. Hilabete gutxi ditu egitasmoak baina Euskal Herriko kultura agendetan leku bat egiten ari da dagoeneko. Helburua: musikaren bidez heztea. 

Posible al da musika egitea azenario bat erabilita? Eta patinete batekin Rock’n Rolleko gitarra bat sortzea? Beharbada, galdera horiek egin zizkion bere buruari Jon Urrutia musikariak Trakamatraka egitasmoari forma ematen hasi aurretik.

Gaur, argi dio “posible dela” eta publikoa “zur eta lur” uzteko gai dela aitortu digu. Musika-tresna birziklatuak sortzen ditu Jonek “helburu didaktikoa” duen proiektu berri honetan. “Trakamatraka tailer eta kontzertu didaktikoen bidez, musika modu erakargarrian plazaratzea lortzen dugu eta, aldi berean, birziklatze-kontzientzia lantzen dugu”.

Denbora gutxi darama merkatuan baina ekimenak “gogor” astindu ditu bazterrak. Dagoeneko hainbat talde igaro dira Trakamatraka tailerretatik, irudimenari bide berriak zabaltzeko asmoz. “Adin guztietako” pertsonekin ibili da Jon, baina batik bat, umeekin lan egiten duela dio. “Eskoletan ibiltzen gara, eta zenbaitetan, familiak izan ditugu tailerretan”. Horrelakoetan, dio, “umeek gozatu egiten dute baina gurasoak dira benetan parte hartu nahi dutenak”.

Horrexegatik, helduentzako tailerrak ere prestatzen ditu artista honek, ez baitago adinik musikaz gozatzeko. “Kasu hauetan, kontzeptu musikaletan barneratzen saiatzen gara, modu sakonago batean, eta musika tresna landuagoak egiten ditugu. Tailerrak oso antzekoak dira baina trataera ezberdina ematen diogu nori zuzendua dagoen arabera”.

Gaur, arrakastaz hitz egiten badu ere, honaino heltzeko bidea ez da erraza izan Jon Urrutiarentzat. Antzeko proiektuak ezagunak zituen, baina denak, Euskal Herritik kanpo. “Munduan zehar ibilitakoa naiz, jaialdi eta ikastaroetan; eta haietan, birziklatutako musika-tresnak darabilten egitasmo ugari ikusi izan ditut”. Hortxe du jatorria Trakamatraka egitasmoak; “erronka” gisa hasi zena, sortzailearen esanetan. Odutik, ikerketa-lan sutsua egin du musikariak. “Hainbat eta hainbat liburu irakurri ditut, teknika berriak ikasten eman ditut egunak, eta behin teoria barneratuta, ordu asko igaro ditut tresnak sortzen eta hauek probatzen”.

Hala ere, irribarre batekin gogoratzen du prozesu luze hau. Asko ikasi duela aitortu digu, eta “oraindik ere” ikasten jarraitzen duela. “Motibazio handia da egunero ikasteko aukera eskaintzen dizun lanbide bat izatea”.

Eta are motibazio handiagoa da Jonentzat bere ikasleen “harridura aurpegiak” ikustea. Eurek ere edozein objektu zaharrekin musika egiteko gai direla ikusten dute tailer hauen bidez, eta lortzen duten autoestimu hori ere, saria da, Trakamatrakaren sortzailearen arabera. “Zoragarria da; ilusio hori da arrakastarik handiena”.

Musikaren bidez, heztea da Jonen helburu nagusia, garrantzitsutzat jotzen dituen baloreak jarraituz. Haize-, perkusio- eta hari-instrumentuak sortzen ditu bere entzuleekin batera baina haratago ere heldu nahi du egitasmo honek. “Aniztasuna, sormena, irudimena, ingurugiroarekiko errespetua, elkarlana... Hori dena da Trakamatraka”.

Eta proiektuak ez du oraindik goia jo. Formatu honekin jarraitzeko gogoa du Jon ...ek eta “agenda betetzen” ari dela esan digu, baina etorkizunean, hazten joango den egitasmoa dugu Trakamatraka. 

www.trakamatraka.com

 info@trakamatraka.com