Zirrara hotza

Bego Vicario (Argazkia: Loraldia)

Joy Batchelor, Marjolane Parot eta Bego Vicario garai eta herrialde desberdinetakoak diren arren, bi ezaugarrietan bat datoz, emakume eta aintzindariak dira animazioan.

Azken hiru asteetan, arlo honetan jarduten duten artisten obran sakontzeko aukera izan dugu Bilbon, Loraldia eta Animakomek (Nazioarteko Animazio Komunitatearen Bilboko Jaialdia) antolatutako ekitaldi paregabeetan. Marjolane Parotek, esaterako, animazio tradizionaleko film luzeko hainbat proiektuetan parte hartu du, Tim Burtonen Frankenweenie, Wes Andersonen Isle of dogs edota Claude Barrasen Ma Vie De Courgette-n, eta azken hau ikusteko aukera izan genuen Animakomen. Filmak zurtztasunak eragiten duen minera hurbiltzen gaitu haurren xalotasun eta umorearen bidez.

Hiruren artean bat aukeratu beharko banu, Bego Vicario nabarmenduko nuke. Zinemagile, animatzailea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da. Bere ibilbidean animazio teknika ugari landu eta ikus-entzunezkoen kode eta arauak irauli ditu. Gaur egun, Euskal Herriko animazio esperimentalaren aintzidaritzat jo dezakegu Vicario. Bere lanetan eguneroko gai gordinak jorratzen ditu eta Loraldia jaialdian bere film laburretako batzuk ikusteko aukera izan genuen: Geroztik ere, Zureganako grina, Pregunta por mí, Haragia, Jane, Areka eta Beti bezperako koplak. Azken hau oso berezia izan zen. EHUko ikasle eta ikasle ohiekin batera egindako talde-lana da. Partaiden artean Zaloa Ipiña eta Irantzu Yaldebere deustuarrak daude. Maialen Lujanbiok Agate Deunaren harira botatako koplek eta horietan oinarritutako animazioek, salaketa zuzen bat egiten dute. “Aurrera goaz dena aldatzen da, denbora pasa heinean. Dena aldatzen da aldatzen ez den oinarri baten gainean.” Filmak zirrara hotza eragin zigun.