Ikaragarri ederra da botoa emoten dan lehen aldia. Hamazortzi urte bete ondorengo lehenengo hauteskundeak bereziak izaten dira, norberari hauteslekura joan eta botoa hautetsontzian sartzea toketan jakonean. Zirrarea eta emozinoa lehenengo aldi horretan, baina baita geroko guztietan be. Aukerak entzun, norberarentzako egokienari heldu, botoa emon eta emaitzei itxaron. Norbere aukereak irabazi ezkero primeran, baina bestela be galtzaile bako gauak izaten diranez hauteskundeetakoak, etsipena itxaropen bihurtzen da.
Ikaragarri egokia da Gure Esku Dagoren hurrengo kontsultetarako aukeratuko datea: azaroaren 5a. Ez da berez egutegian dagozan aukera guztien artean ausaz hartutako fetxea, badauka arrazoi nagusia: Euskal Herriko emakumeek lehenengoz botoa emon eben eguna da. 1933an izan zan, Euskal Estatutuaren erreferendumean. Urte pare bat lehenago autortu jaken andrazkoei boto eskubidea, eta 33ko azaroaren 5ean euki eben euskal emakumeek eskubide hori lehenengoz gauzatzeko aukerea. Egun ikaragarria izango zan emakumeentzat; handia eta ilusinoz betetakoa batzuentzat, baina bildurrez eta presinoz botoa emon barik etxean be geratuko ziran asko segurutik. Izan be, ikarea zan emakumeei botoa emoten ez izteko arrazoietariko bat. Emakumeak botoa modu egokian emoteko gai izango ete ziran zalantzan ipinten zan, persona desegokien aginduz botoa emonda infernuren baterako bidea hartuko ete zan euren boto guztien ondorioz. Bildur hori erabilten zan emakumeei botoa emoteko eskubidea ukatzeko argudio moduan, beraien erabagite gaitasuna zalantzan ipinita. Bildurra boterearena zan, emakumeen botoa kontrolau ezinak emoten eutsana. Zorionez zentzuna nagusitu zan, eta bardintasunerako pausu ikaragarria emon.
Botoaren ikaragarritasun hori ikusten eta sentiduten gabilz Kataluniako prozesuan be. Ikaragarria da erabagiteko botoa emon gura izateak eragin dauen ilusinoa, mogimentua eta zirrarea. Baina emakumeen boto autortzan legez, barriro agertu da boterearen bildurra, herritarrei erabagiteko heldutasuna eta gaitasuna ukatuz: “Herritar lelook ez dakizue zer gura dozuen, ezin dozue zuzen erabagi, beraz neuk erabagiko dot zeuen ordez” dineuskue. Ikaragarria eta ez sinistekoa gaur egun be, boterea galtzeko bildurrez, herritarrei erabagiteko gaitasuna eta heldutasuna ukatzea, gizarterik aurreratu eta prestatuena gareala dineuskuen bitartean. Eta holan da izan be: gizarte heldu, aurreratu eta prestatua, gauzak patxadaz eta behar dan moduan egin ezkero bere etorkizunaren ganeko erabagiak hartzeko gai dana.
Ikaragarria dalako, emon botoa.