Espainiako txirrindularitza bueltan azafatei zereginak aldatu deutsiez, dagoeneko ez dira sari emoileak, eta tartean gizonezkoren bat sartu dabe, oker egiten dana gizonezkoetara zabalduta guztia konpontzen dalakoan edo.
Ez dot azafaten profesionaltasuna zalantzan ipiniko, jakina, baina beti kanon estetiko berekoak izateak zer pentsaua emoten dau. Gaiak berak emoten dau eztabaidarako, eta lehengoan urten eban gure lagunartean, Bizkaian egingo dan Espainiako bueltearen etapea dala eta. Getxotik abiatu eta Oizen amaituko dan etapearen edertasuna aitatzeak eroan gintuen helmugan oraintsura arte lore sortekin zain egoten ziran nesken edertasunera.
Orduan hasi zan gure arteko eztabaidea, eta lagunartea bitan zatitu zan, aldekoen eta kontrakoen artean. Batzuk alde, neskok euren borondatez egin ezkero arazorik ez dagoela eta. Ni, beste batzuekin batera, ezetzean tematu nintzan, emakumezkoen irudiaren erabilera okerra argudiatuz. Lerro gitxitan ezin solasaldi osoa laburbildu, baina gitxi gorabehera jakingo dozue zelan ibili ginan.Bakotxak geurean amaitu genduan eztabaidea, eta nik neure ezetza indartuta hartu neban etxerako bidea aldeteko sasoia ailegau zanean.
Baina behin etxera heldu eta gero konturatu nintzan oker nenbilela. Baietz, ez daukala ezer txarrik emakumeak gizonezkoei podium gainean lore sortak emoten egoteak. Oiz gaineko etapa amaierea irudikatu neban neure buruan: paraje zoragarrian, bista ikaragarriekin, natura giroan, eguraldi ederrez eta jentez gainezka.
Telebisino kamara ugari podiuma enfokatuz, saria hartzeko zain hiru garaileak, emoteko prest emakume bi: Joane Somarriba eta Eneritz Iturriaga txirrindulari ohiak. Eta telebisino, irrati eta ganerako hedabideetako komentaristak euren kurrikulumak eta profesionaltasuna nabarmenduz: Somarriba emakumezkoen tourra hirutan irabazitakoa dala, Italiako giroa birritan eta beste hainbestetan munduko erlojupeko txapelketea. Iturriagari buruzkoak be entzutekoak: Espainiako sei txapelketa irabazita, nazinoarteko hainbat lasterketatan parte hartuta eta 2006ko giroan hamargarren postua eginda, lorpen ugariren artean.
Emakumeen edertasun hutsetik emakumeen txirrindularitzearen edertasunera . Gizonezkoen txirrindularitzatik emakumezkoen txirrindularitzea sustatuz. Neskato zein mutiko txirrinduzaleei emakumezkoen erreferentziak erakutsiz. Txirrindularitzatik txirrindularitzea indartuz.
Holan bai, jakina. Ia ametsa egi bihurtzen dan!