Orbelak

Erabiltzailearen aurpegia Jone Gartzia Gerra 2017ko abe. 11a, 09:02

Josu (ahotsa eta gitarra), Markel (ahotsa), Dani (baxua), Pitxon (Aitor, bateria) eta Ibai (gitarra) urtarrilean elkartu ziren Orbelak musika taldea osatzeko. Aurretiaz bi talde ezberdinetan aritutakoak dira kideak. Markel eta Ibai Garai Ilunak taldean ibili ziren, eta Josu, Dani eta Pitxon Crossover izenekoan.

Orain dela bi urte inguru, Garai Ilunak eta Crossover taldeetako kideek entsegu lokal bat alokatu zuten erdibana, kostuak murrizteko; baina, denbora aurrera joan ahala bien proiektuak nahiko geldituta zeudela konturatu ziren, aurrera joan gabe.

Aurtengo urtarrilaren amaieran, Berbaizuk Ozen gazte taldearen aurkezpenaren harira Crossover kontzertua ematera gonbidatu zuen, eta ekitaldirako bi taldeek elkartzea erabaki zuten. Hortik sortu zen talde berria osatzeko ideia, Orbelak, oraindik ilusio handiz eraikitzen ari direna.

Taldearen izenaren inguruan galdetuta, “taldekideoi polita iruditu zitzaigulako esanahia, eta erraza eta laburra delako”, erantzun dute. “Era poetiko eta metaforikoan erantzun geniezaioke galderari Orbelak izenari nolabaiteko zentzua emateko, baina ez zaituztegu engainatu nahi”, diote barre artean.

Hasieran aipatutako bost taldekideez gain, zenbait kasutan kolaboratzaileak ere izaten dituzte, hala nola, Asier Kerejeta saxofoi-jotzailearena edota Iker Basabe trikitilariarena. Oraindik ez dute kontzertu askorik eman, baina pausoz pauso mugak handitzen doaz, Aragoira ere heldu direlarik.

Behin Huescako Binefar herriko lagun batek jai batean jotzera gonbidatu zituen, eta bi aldiz pentsatu gabe, hara abiatu ziren denak hainbat lagunekin batera. “Kristoren festa izan zen, eta orain arteko emanaldirik onena eman genuen. Jendea primeran portatu zen gurekin. Esperientzia ahaztezina izan zen”.

Gazteak dira denak, 18 eta 19 urte artekoak, baina esperientziadunak. Talde bat osatzeko jarraikortasuna eta konpromisoa guztiz beharrezkoak direla azaldu digute, ez omen baita lan makala. Hala ere, asko gozatzen dute entseguetan “lehertu arte” zarata egiten.

Batez ere punk-rock eta hardcore doinuak lantzea gustatzen zaie, baina haien esanetan, nahiko irekiak daude estilo anitzetara, ez baitute errepertorioa mugatu nahi. Inspirazio iturri erreferentzia asko daukate, bakoitzak gustu musikal desberdinetatik edaten baitu. Hala ere, komunean dituzten zenbait talde na- barmendu dituzte: Desakato, Kop, Rage Against The Machine, Negu Gorriak, Berri Txarrak...

Kantak osatzerako orduan ez daukate metodologia zehatzik: “Batzuetan bati riff on bat bururatzen zaio eta beste batek letra jartzen dio kanta osatzeko”.

Gustuko dituzten taldeen abestien bertsioak egiten hasi baziren ere, orain euren kanta propioak konposatzen murgilduta daude. Haien abestiak beti euskaraz idazten dituzte, nahiz eta bertsioak gaztelaniaz eta ingelesez ere egiten dituz ten. Errepertorio pertsonal eta anitza eraikitzea prozesu luze eta zaila denez, kontzertuak lotu bitartean haien abestiak konposatzen dabiltza, etorkizunean maketa bat grabatzeko asmoz.

Batez ere leku txikietan jotzea dute atsegin, hala nola, gaztetxeetan, tabernetan, jai herrikoietan... “Izan ere, jendearen berotasuna gehiago nabaritzen da toki horietan”. Era berean, musika “aldarrikapenak egiteko eta jendeari pentsarazteko oso tresna egokia” dela uste dute, eta argi daukate helburu horrekin jotzen dutela. Alta, gai sozial eta politikoak lantzen dituzte, “musikak eskaintzen duen testuinguru estetiko eta poetikoan”, azaldu dutenez.

“Gure iritziz gaur eguneko musika talde askok letretan adierazi nahi dutena ez dute ekintzetan islatzen. Guk ez dugu bat egin nahi dinamika oportunista horrekin eta ahal dugun heinean kontsekuente izan nahi dugu, gure kontraesanak onartuz”.

Hurrengo kontzertuen berriak arretaz jarraitzeko esan digute, gogotsu baitator boskotea. Era berean, deia luzatu diete auzo zein herrietako gazteei musika bultzatzera eta talde berriak osatzera animatu daitezen: “Bada ordua talde berriak aurrera ateratzeko eta gure inguruko errealitatea birmoldatzeko!”.