‘Odisea’, talde helduago baten emaitza

Erabiltzailearen aurpegia PREST! aldizkaria 2020ko urt. 8a, 15:28

Raust! taldeko kideak: Unai Luzuriaga, Asier Salazar, Iñigo Torres, Aitor Martinez eta Karmelo Usategi

Deustuko Gazte Lokalean jaietan antolatzen den Bertsio Gauean jotzeko elkartu ziren Raust! taldeko kideak orain lau urte. Hiruzpalau abesti prestatzea zen lehen asmoa, baina bigarren lana kaleratu berri dute, zortzi abesti propio dituen Odisea diskoa.

“Ertz ezberdinez jositako rocka” egiten dute Raust!eko musikariek, eraldakorra eta ezohikoa, baina aldi berean “entzuterraza eta freskoa”. Iturri askotatik edaten dute, nabari da euren doinuetan. Stonerra, metala, heavya, bluesa, groove-ak, riff indartsuak, erritmo aldakorrak, melodia likatsuak… nahasi eta euskaraz kantatzen dituzte.

Abenduaren 28an aurkeztu zuten Odisea diskoa Basauriko Txarraska Gaztetxean, Orbelak San Inazio eta Deustuko taldearekin eta Rodeorekin batera. Etxean hasi dira, izan ere, bertan jaio ziren eta bertan entseatzen dira. Gaztetxeak eta gune askeak “Euskal Herriko kultura eta underground eszenaren birikiak” direla uste dute, eta horregatik maite dute gaztetxeetan jotzea. “Agertoki handietan jotzea gustatzen zaigu, baina horietan publikoarekin konektatzea ez da horren erraza”, diote.

San Inazioko musika eszenaren inguruan galdetuta, akustikoak ez diren kontzertuak antolatzeko leku baten falta sumatzen dute. Betidanik auzoan hainbat rock eta punk talde egon direla azaldu digute. Egun auzoko kideek osatuta eszena txikiko taldeak (Orbelak, Uger, Striknina, Palos de Ciego, Raust!...) zein agertoki handiagoetara ohituta daudenak (Ratzinger, Toni Metralla y los Antibalas…) aipatu dituzte. Udalak ez omen ditu gauzak erraz jartzen, eta tabernari batzuen ahalegina eskertzen badute ere, horrelako kontzertuak egiteko tokirik egongo balitz auzoko eszena are potenteagoa izango litzatekeela uste dute.

Lehen diskoa, bigarren lana

2015ean sortu, 2017an Raust! izeneko demoa kaleratu, eta 2019ko hondarrean argitaratu dute lehen diskoa. Bateria-jotzailea aldatu zutenetik bi urte eman dituzte bostek elkarrekin lanean. Horregatik, Odisearekin batera talde helduago bat aurkeztu dute. “Ideia landuak, soinu eta melodia txukunak, influentzia ezberdinetako kantuak eta talde konpaktuago bat” entzun ahal izango dugu hemendik aurrera.

Berrizko Lorentzo Recordsen grabatu eta nahastu dituzte abestiak, Aitor Ariñoren (Su ta gar, Extremoduro, Platero y Tú...) gidaritzapean. Prozesu “luzea eta gogorra” izan dela aitortu digu boskoteak, baina buruan zituzten ideia guztiak islatzea lortu dute, eta pozik daude emaitzarekin. Detailez josita dago lana, eta kolaborazio bat edo beste ere badu, esaterako, diskoari izena ematen dion abestian Garazi Olabarrietaren ahotsa. 

Diskoa prestatzen emandako denbora luzearen ostean jotzea baino ez dute buruan, ahal bezain beste kontzertu eman eta lana ondo aurkeztu: “Jo, jo eta jo”. Basauriko emanaldiaz gain badituzte beste hainbat lotuta: Sopelan, Igorren, Barakaldon... Nolanahi ere, ez diote proiektu berrietan pentsatzeari utzi. Bigarren bideoklipa grabatu nahi dute, eta Errondo Auzo Etxean jotzeko saio akustiko bat prestatzen ari dira.

Raust!en musikaz gozatu nahi duenak izango ditu zuzenean entzuteko aukerak, eta diskoa eskuratu nahi duenak kontzertuetan bertan zein zenbait tabernatan (San Inazion, Miñon) egin dezake.