Agate Deunari kantuz

Erabiltzailearen aurpegia PREST! aldizkaria 2020ko ots. 4a, 10:12

Seinalatutako data da Agate Deunaren bezpera Euskal Herrian, baita gurean ere. Makilekin lagunduta, Deustu eta Ibarrekolandako auzokideak kantatzera aterako dira otsailaren 4an. Eskoletako umeak ere jantzi tradizionalekin aterako dira “oles egitera”.

“Santa Ageda bezpera dugu, Euskal Herriko eguna, etxe guztiak kantuz pozteko, aukeratu duguna”, dio kopla zaharrak. Euskal Herriko neguko jaietako bat dugu Agate Deuna, Santa Agata edota Dona Agata, Agata Cataniakoaren omenez ospatzen dena. Hainbat teoria daude jai honen jatorriaren inguruan.

Batzuek diote marinelek ekarri zutela Agate Deuna siziliarra goraipatzeko ohitura Euskal Herrira. Catanian jaio omen zen Agata, 230. urtean. Tradizioak dioenez, Erromak Sizilian zuen Quinciano gobernadore paganoak berarekin ezkondu nahi zuen, baina Agata giristino sutsua zen, eta uko egin zion. Gobernadoreak, orduan, neskatoa kartzelatzeko agindu zuen. Bularrak moztu eta hil arte torturatu zuten 21 urte zituela. 251ko otsailaren 5ean hil zen, eta handik gerora Eliza Katolikoak santa izendatu zuen.

Beste batzuek, aldiz, jai hau askoz zaharragoa dela diote, kristautasuna zabaldu aurretik ere ospatzen omen baitzen. Aditu batzuen iritziz, Agataren inguruko festek zerikusi handia dute inauteriekin, inauste edo kimatze garaiko errituekin. Neguko solstizioaren ondorengo jaietako bat izan liteke eta otsailean oraindik lo dagoen lurra iratzartzeko erritu zaharrekin loturik legoke. Izan ere, Santa Agata askotan abere gisa irudikatzen da euskal usadioan, gehienetan ahuntz edo katu itxurarekin.

Kristautasuna Euskal Herrira zabaldu zenean, beste askorekin batera Dona Agata eguna ekarri zuen berekin. Elizak aurreko erritu eta ospakizunak bereganatu eta itxura berri bat eman zien, eta nahasketa horretatik ei dator egungo ospakizuna.

Agate Deuna gurean

Euskal Herrian (eta beste hainbat tokitan ere) bezperan kantatzen zaio Agateri. Jantzi tradizionalak soinean eta makilak eskuan, herri eta auzoetako kaleak zeharkatzen dituzte urtero hainbat lagunek, askotan diru edo janari eske.

Deustun ere otsailaren 4an kantatzera ateratzeko ohitura dago. Urtero legez, Berbaizuko Kantugintza Taldeak eta Bihotz Alai Folklore Taldeak elkarrekin egingo dute. 19:00ean elkartuko dira Done Petri plazan, txistulari eta gaiteroez lagunduta auzoan zehar kantuan aritzeko.

Deustuko Batzokiko kideak ere atera ohi dira Agate Deuna omentzera eta inoiz ibilbideak elkartu eta batera abestu dute. Aurten, baina, nork bere bidea egingo du. Urtero legez, Deustuko Batzokitik 20-30 bat lagun abiatuko dira arratsaldeko 19:30ean, 21:00ak bitarte. Bi aste lehenago hasi zituzten entseguak, ahotsak eta makilak berotzeko. 1978an Deustuko Batzokia ireki zutenetik mantendu dute tradizioa.

Deustuko Jai Batzordea ere, aspaldi hasi zen Agate Deunaren bezperako jaia antolatzen, baina datak kontuan hartuta (inauteriak eta jaiak ate joka ditugu) bi urtetan ezin izan zuten prestatu. 2006an Bihotz Alai eta Berbaizuko hainbat kidek ospakizuna berreskuratzea erabaki zuten, gaur arte. Aurtengoa, beraz, 15. edizioa izango da, eta “aurrera jarraitzeko prest” daude. “Indarra mantentzen da”, azaldu digu Bihotz Alaiko Jabi Ortegak, eta kantatzera “oso gustura” ateratzen direla otsaileko egun hotz honetan.

Ibarrekolandako Etorkizuna Eskaut Taldeak ere urteak daramatza Santa Agedari abesten. Haur, gazte eta helduak elkartzen dira eta auzoko hainbat txoko kantuz eta makilakadaz girotzen dituzte. Aurten 19:30ean elkartuko dira auzoko parrokiaren atarian.

Bestalde, auzoko eskola eta ikastetxe gehienetako haurrak ere etxez-etxe oles egitera aterako dira, asko zapia zabalik, diru eta janari eskean.