Esti Blanco-Elorrieta: “Hizkuntza batetik bestera aldatzeak ez du maila neuronalean esfortzurik eragiten”

Erabiltzailearen aurpegia PREST! aldizkaria 2020ko mar. 3a, 08:06

Argazkiak: Rosita Garcia

Pertsona elebidunen garunaren egitura aztertzen ari da Esti Blanco-Elorrieta (Deustu, 1990) AEBetako New York Universityn. Hizkuntza guztiak egitura kognitibo beraren parte direla ondorioztatu du, eta batetik bestera aldatzeak ez duela maila neuralean ahaleginik ekartzen. Forbes aldizkariak ikertzaile gazteak saritzeko duen Forbes 30 Under 30 zerrendan gehitu berri du, zientzia atalean.

Zer ikasi duzu?

Euskal Filologia lizentzia ikasi nuen Deustuko Unibertsitatean. Ostean, Hizkuntzaren Neurozientzia Kognitiboko masterra egin nuen BCBLn (Basque Center on Cognition Brain and Language), Donostian. Orain New York Universityn (NYU) Neurozientia Kognitiboko doktoretza amaitzen  ari naiz. 

Ikasketak hasi zenituenean, espero al zenuen zauden lekura heltzea? 

Ez, inondik inora ere. Banekien ez nuela euskara irakasle jardun nahi, baina ikerketa munduan zeuden aukerak guztiz ezezagunak ziren niretzako.

Nondik datorkizu hizkuntzekiko zaletasuna?

Ez nuke jakingo jatorri zehatz bat azpimarratzen. Betidanik izan dut kuriositatea eta gogoa beste leku batzuetako jendearekin hitz egiteko eta beti izan dut erraztasuna hizkuntzetan. Ziurrenik bien arteko konbinaziotik etorriko zitzaidan zaletasuna. 

Nola amaitu zenuen New York Uninversityn? 

Argi neukan doktoretza Estatu Batuetan egin nahi nuela. Garunak hizkuntza zelan prozesatzen duen ikertzeko laborategirik handienetako bat, handiena ez bada, NYUn dago. Horregatik erabaki nuen hona etortzea. 

Zer ikertzen ari zara?

Gehien bat elebidunen hizkuntza arkitektura edo antolaketa burmuinean, hau da, zelako organizazioa eduki behar duen burmuinak elebidunek komunikatzeko daukaten gaitasuna izateko. 

Zer dela eta? Nondik datorkizu ezaugarri hori aztertzeko jakin-mina?

Egia esan, jakin-mina ez dago gai horrekin bereziki lotuta. Orokorrean, gauzak zelan eta zergatik diren jakiteko jakin-mina daukat. Ikerketa mundura hizkuntzen atetik sartu nintzen eta behin bertan, beharbada Euskal Herriko errealitate linguistikoa dela-eta, elebitasunean zentratu naiz. 

Forbes aldizkariaren errekonozimendua jaso duzu, 30 urtetik beherako ikerlariak saritzeko Forbes 30 Under 30 zerrendan sartu zara. Zer ekarriko dizu honek?

Batetik, ate asko irekiko dizkit finantzaketa bilatzerako orduan. Zerrenda honetan egoteak esan nahi du norbaitek potentzial handia ikusi duela nire ikerketan eta, beraz, errazagoa izango dela orain beste batzuek berdin pentsatzea eta ikerketa hau diruz babestea. Bestetik, maila praktikoago batean, Forbes komunitatearen parte izateagatik denetariko onurak daude hoteletan, dendetan, edota coworking inguruetan; luxuzko marka askok beherapenak eskaintzen dizkiote zerrenda honetan dagoen jendeari. Era berean, Forbesek hainbat batzar internazional antolatzen ditu. Milaka inbertitzaile, start-up sortzaile etab. biltzen dira bertan eta esfera horretan murgiltzeko aukera emango dit zerrendan egoteak.

Espero zenuen?

Ez, ez nuen espero, eta poztasun handia izan da.

Hizkuntza bat baino gehiago menperatzen dituzten pertsonen garunaren egitura aztertzen ari zara, zer aurkitu duzu? 

Bi hizkuntzak egitura kognitibo edo neural berberaren parte direla, eta batetik bestera aldatzeak ez duela maila neuralean esfortzurik eragiten.

Aldea dago jaiotzetik eleanitzak direnen eta nagusitan hizkuntzak ikasten dituztenen artean? 

Maila praktiko batean bai, noski. Zenbat eta arinago ikasi hizkuntza bat, orduan eta hobea izango da hizkuntza horretan lortzen den maila. Garunean alderik dagoen ez dakigu oraindik.

Euskara eta gaztelania distantzia linguistiko handiko hizkuntzak dira. Zer da hori? 

Hizkuntza bietako hitz gehienek ez daukatela erro komunik, esaldiak eraikitzerako orduan molde ezberdinak erabiltzen ditugula eta elkarren artean ulertzerik ez dagoela.

Desberdintasunik al dago elkarrengandik urrun dauden hizkuntzak menperatzen dituzten eta antzeko hizkuntzak menperatzen dituztenen garunen artean? 

Ez, sistema berdina garatzen dugu batekin edo bestearekin.

Aukerarik izan al duzu euskal hiztunak aztertzeko? Nola aurkitzen dira informanteak?

Ez, ez dut ikerketarik egin euskal hiztunekin. Gure ikerketetako parte hartzaileak, gehien bat, datu base batean topatzen ditugu, eta gehienetan unibertsitateko ikasleak dira. Batzuetan, lagin jakin bat bilatzen dugunean, hiztun horiek dauden komunitateetara bertara jo behar izaten dugu. Adibidez, pasa den urtean zeinu hizkuntzan eta ingelesez elebidunak ziren pertsonak behar nituen. Gorren komunitatera eta haien ekitaldietara joan nintzen parte-hartzaile bila.

Zenbat hizkuntza erabiltzen dira New Yorken?

Ingelesa batez ere, nahiz eta gaztelera asko entzuten den Erdialdeko eta Hego Ameriketatik etorritako pertsonak medio. Hiriaren gune batzuetan txinera asko entzuten da. Denetara, 400 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira New Yorken. 

Hizkuntza zailak eta errazak daude?

Ez, badaude hizkuntza batzuk maila batean aberatsagoak direnak (esaterako, fonologian) eta beste batzuk beste maila baten (adibidez, morfologian). Normalean, bigarren hizkuntza bat ikasterakoan, zenbat eta aberatsagoa izan maila batean, orduan eta gehiago kostatuko zaigu arlo hori menperatzea, baina ez dago hizkuntza zail edo errazagorik, oro har. 

Zer da hizkuntza bat ondo jakitea?

Ez dago erantzun bakar bat. Orokorrean, arazo gabe komunikatzeko gaitasuna izatea da ondo jakitea, baina horren barruan zuk eta nik beharbada akats kopuru ezberdina onartuko ditugu ondo horren barruan. 

Zein adinera arte ikasi daiteke ondo hizkuntza bat?

Beti dago aukera hizkuntza bat ikasteko, baina zenbat eta zaharrago izan orduan eta zailagoa izango da ondo ikastea. 

Nola barneratu daiteke ondo hizkuntza bateko azentua? 

Praktikatuz, ahalegina eginez beste hizkuntzaren soinura hurbiltzeko, eta ikasi nahi dugun azentua daukan pertsona batengandik ikasiz. Ezinezkoa da norbaitek azentu ona ikastea, azentu onik ez daukan pertsona batengandik ikasten badu.

Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, errazagoa da hizkuntza berriak ikastea? 

Zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, orduan eta aukera handiagoak izango dituzu hurrengo hizkuntza dakizkizunenen familiakoa izateko, eta beraz, abiatzeko oinarri bat izateko.

Onurarik dakar eleanitza izateak?

Noski, ikasten dugun hizkuntza bakoitzarekin kultura berri bateko ateak irekitzen zaizkigu, baita pertsona talde berri batekin konektatzeko aukera ere. 

Ikusi da pertsona elebidunek garunaren zahartze-prozesuan abantailak dituztela. Zertan datza horrek?

Ikerketa batzuek erakutsi dute Alzheimer eta dementziaren sintomak atzeratzen dituela hizkuntza bat baino gehiago menperatzeak. Dena dela, beste ikerketa batzuek ez dute horrelakorik topatu eta, momentuz, zuhur ibili behar da horrelako mezuak zabaldu aurretik.

Arrunta al da elebakarra izatea? 

Arrunta oso hitz arriskutsua da, jendeak arrunta eta desiragarri berdintzen dituelako eta ez-arrunta, beraz, arrotza, ez-desiragarri edo saihestu beharrekoa bihurtzen delako. Elebakartasuna edo eleaniztasuna pertsona baten edo talde baten denboraren, lekuaren eta klasearen ondorio izaten da. India bezalako herrialde batean, non 22 hizkuntza erabiltzen diren, gehiengoa eleanitza da, bere faktore sozialek horrela determinatu dutelako. Hezkuntza sistemara sarbide eskasa duen Wisconsineko pertsona bat, ordea, elebakarra. Eleaniztasuna zein elebakartasuna bakoitzaren bizitzaren faktoreen eraginaren ondorio dira. 

Elebidunek erraz egiten dituzte kode-aldaketak, zer gertatzen da garunean hizkuntza batetik bestera aldatzean?

Batek nahita egindako kode-aldaketa baldin bada, ezer ere ez, hizkuntza berean mantentzearen pareko da. Beste norbaitek inposatutako kode aldaketa baldin bada (adibidez, momentu horretara arte erabiltzen ari zinen hizkuntza ulertzen ez duen pertsona bat elkarrizketara etorriz gero), orduan kortex prefrontala aktibatzen da hizkuntza aldaketa hori ahalbidetzeko. 

Hizkuntzak nahastea seinale ona da?

Ez da ez seinale ona, ezta txarra ere. Arrazoi asko daude atzean. Batzuetan hizkuntza batean hitz jakin bat topatzeko ezintasunetik dator, baina beste askotan arrazoia enfasia eman nahi izatea, zerbait zehatzago adierazi nahi izatea, edo, beste barik, komunitate bateko parte izatearen seinale moduan erabili nahi izatea da.