Psikologoa eta sexologoa zara, doluan espezializatua, bikote arraroa.
Psikologia EHUn ikasi nuen, Donostian. Orduan lizentzia zen eta bost urte eman nituen bertan. Bitartean doluan espezializatzen hasi nintzen, ikusten nuelako heriotzaren kontua ez zela batere lantzen unibertsitatean. Hutsune bat zegoen, sexologiarekin bezala. Jendarte honetako bi tabu handiak dira eta horien inguruan buru-belarri ikasten hasi nintzen. Sexologia masterra egin nuen Madrilen eta dolua Tenerifeko La Laguna Unibertsitateko ikastaro batzuekin landu nuen.
Beti aritu zara psikologo lanetan?
Ikasketak amaitu eta gero, bai. Unibertsitatean bukatu nuenean dolu talde batean hasi nintzen eta enpresetan hainbat ikastaro eman nituen. Dolu eta grafologia (pertsonen nortasuna idazkeran ikustea) ikastaroak ematen nituen eta 2009an sexu-hezitzaileen formakuntzekin hasi nintzen.
Gurenduz psikologia integraleko zentroa sortu zenuen orduan.
Bai, 2009an hasi nintzen Buenos Aires kalean eta orain hiru urte etorri nintzen Deustura. Terapiak eta formakuntzak egiten ditut. Bi formakuntza ematen ditut: bata dolu prozesu bati aurre egiteko ikastaroa eta bestea sexu-hezitzaileen formakuntza. Azken honetan lantzen dugu nola ikusten dugun sexualitatea gaur egun, nola erabiltzen den sexualitatea gure askatasuna mugatzeko...
Zer da psikologiaren munduan gehien erakartzen zaituena?
Pertsonak nola eraldatzen diren ikustea, nola eskuratzen dituzten tresnak hobe eta askeago bizitzeko. Buruhausteak ere gustatzen zaizkit, gizartean horren inposatuta dauden ereduei aurre egitea. Doluan horixe bera gertatzen da: heriotzak laguntzen digu bizitzari balioa ematen, bizitzarekin konektatzen gaitu. Heriotzaz ari garenean oso barruan dugun zerbaiten inguruan ari gara.
Psikologian korronteren batean kokatzen duzu zure burua?
Nire korrontea nahiko sistemikoa da, sistemak hartzen ditut kontuan: familia, bikotea, lana... Gizartea sistema handi bat da eta bere inertziak eta kodeak ditu. Inguruan ditugun sistemek pertsonarengan duten eragina aztertzen dut beti. Sistemak oso magikoak dira, pertsona aldatzen denean bere inguruko sistema ere aldatu egiten da. Konponbideetan Zentratutako Terapia Laburra erabiltzen dut.
Nola bilatzen duzu konponbide hori?
Kontuan hartzen dut pertsonek hobetzeko zer probatu duten, baina ez dien funtzionatu, eta zeintzuk izan daitezkeen hobe egoteko bila ditzaketen irtenbideak. Fokua arazoan jarri beharrean, hobeto egoteko errealitatea nola aldatu dezaketen aztertzen dugu.
Nola lortu psikologoarenera doan pertsona batean ondorio positiboak izatea?
Hona etortzen diren pertsonek gertutasuna eta gozotasuna eskertzen dituzte, epaituak ez sentitzea. Terapia batzuk oso konduktualak dira, zer egin behar duzun esaten dizute, baina ni ez naiz horren aldekoa. Nik uste dut pertsonak daukala boterea eta nire papera da duen indar horrekin konektatzen laguntzea.
EMDR (Eye Movement Desensitization and Reprocessing) teknika erabiltzen duzu, zertan datza?
Traumei aurre egiteko bereziki erabilgarria den teknika bat da. Trauma bat dugunean gure garuna blokeatuta gelditzen da, inpaktu bat jaso duelako. Lo egiten dugunean REM fasera pasatzen garenean (lo sakonena) gure begiak oso azkar mugitzen dira. Begien mugimendu horrek dauzkagun bi hemisferioak orekatzen ditu, emozionala eta arrazionala. EMDRean egiten duguna da begien mugimendu bera errepikatu pertsonarekin traumaren inguruan hitz egiten dugun bitartean. Nik eskuarekin egiten dudan mugimendua begiradarekin jarraitu behar dute hitz egin bitartean. Horrela garunak daukan alde emozionala jaitsi eta arrazionala igotzen dugu, bi hemisferioak orekatuz.
Erabilgarria da?
Traumekin hutsune bat zegoen, askotan hitzez ezin garelako dena moldatzera iritsi, baina teknika honekin garunera sartzen gara zuzenean eta beste botere bat ematen digu. EMDRak erakutsi du traumak ez direla betiko eta konpondu daitezkeela.
Nola eragin dute itxialdiak eta bere ondorioek jendartearen psikologian?
Nire sentsazioa da jendea ez dagoela ondo orokorrean. Bi polo daudela esango nuke. Alde batetik, galera latzak izan dituztenak - senideak agurtu ezin izan dituztelako-, beldur direnak eta lanean egon direnak daude. Bestetik, etxean lasai egon diren pertsonak daude. Bi errealitate horiek ez datoz bat eta kalean elkartzen direnean ez dute elkar ulertzen. Uste dut pandemia kolpe handia izan dela gizarte mailan. Gure egunerokotasunekoa apurtu du, ziurgabetasuna da nagusi eta horrek beldurra eta antsietatea areagotu ditu.
Arazo psikologikoak ugaritu dira?
Baietz uste dut. Itxialdian arazo psikologikoekin laguntzeko jarri zuten telefonora jende askok deitu zuen. Epe luzean izango duen eragina ikusi beharko dugu. Adibidez, ez dakit umeengan nolako eragina izango duen. Ordu asko eman dituzte etxean pantaila baten aurrean isolatuta, eta oraindik ezin ditugu ondorioak neurtu.
Azken hilabeteotan gertuko heriotza asko egon dira, eragina izango du jendartean.
Askorentzat urrun gertatu dira heriotzak. Ez genituen eskelak ikusten, soilik datuak, teleberrian. Ez ziren pertsonak, hildakoak baino ez. Errealitatearen distortsio bat egon zen, ez genuen familien minarekin konektatzen. Orain herri batzuetan hasi dira bere garaian jarri ez zituzten eskelak ipintzen, eta hurbiltasuna lortzen laguntzen du.
Nola laguntzen duzu doluarekin?
Nire papera ondoan egotea da eta daukaten minari forma ematen laguntzea. Askotan mina oso traumatikoa izaten da, ez gaudelako galtzeko heziak, soilik irabazteko. Pertsona bat galtzen dugunean askotan injustizia sentsazioa agertzen zaigu, hutsunea, haserrea, tristura... Nire papera pertsona entzutea eta laguntzea da, garunean sentimendu horiei forma emateko.
Prozesua luzea da?
Askotan esaten da doluan prozesu bat dagoela eta bost fase pasatu behar direla, baina pertsonak ez gara horren errazak, bakoitzak bere prozesua dauka eta denok ez dugu zertan fase guztietatik igaro behar. Aldiz, uste dut dolua gainditzeko eginbehar batzuk daudela eta horiek ezagutzea lagungarria dela. Eman beharreko lehen pausua galera onartzea da, eta garunak hori sinestea. Pandemian gertatu dena da, hiletarik eta azken agurrik ematerik izan ez denez, askori gehiago kostatu zaiola heriotza benetan gertatu dela onartzea, eta oso zaila da horri aurre egitea.
Eta horren ostean zer?
Bigarren eginbeharra da agertzen diren emozio guztiak onartzea. Heriotzari lotuta errua agertzen bada lanketa berezia egin behar da, hori beti delako sentimendurik txarrena, pertsonaren aurka doalako. Hirugarren pausua hildako pertsona horri bere lekua ematea da eta laugarrena bizitzarekin aurrera jarraitzea. Badaude heriotza errazagoak eta zailagoak eta horrek eragina du doluan. Ni eginbeharren aldekoa naiz, eta ez faseen aldekoa, paper aktibo bat ematen dizulako eta ez delako nahikoa faseak noiz igaro itxarotearekin.
Arazoak sortu ditu jendearen sexualitatean?
Ez daukat daturik, baina uste dut gero eta jende gehiago hasi dela ligatzeko aplikazioak erabiltzen jendea ezagutzeko. Lehen, jende askok ligatzeko esperantzak jaietan zituen jarrita, baina orain ez dago horrelakorik. Errealitatea aldatu da eta topaketak izateko beste modu bat bilatu behar dugu. Alde horretatik teknologia berriek erantzun azkar bat ematen digute. Bikote harremanetan ikusi dut desira asko jaitsi dela, gezurra badirudi ere. Hasieran kontrakoa ematen zuen, askok esaten zuten itxialdian ume belaunaldi berri bat sortuko zela, baina orokorrean kontrakoa ikusi dut, desiraren jaitsiera, alegia.
Harreman sexual eta afektiboetan ere?
Noski, dagoeneko izaten ari da. Asko kutsatzeko beldur dira eta gero eta gehiago ikusten dugu beste pertsonaren gorputza mehatxu bat bezala. Horri ere aurre egin beharko diogu.
Zelan?
Topaketa erotikoak izateko bide berriak urratuko ditugu. Orain muxuek kutsatzen dute gehien, agian muxuak eman ordez, masajeak ematen hasiko gara, batek daki. Agian topaketa erotikoei buelta emango diegu eta genitalek protagonismoa galduko dute eskuen mesedetan.
“Hiru hilabete eman ditugu gure buruari bakarrik entzuten”
Bizi dugun egoera mugarri izango da?
Ez daukat argi. Esaten dute inoiz ez garela lehengo egoerara itzuliko. Nik uste dut gizakiok egoerara moldatzeko gaitasun handia daukagula eta honetara ere moldatuko garela. Suposatzen dut aldaketa handia markatuko duela, baina nora goazen ez daukat argi.
Nola egin aurre orain sortzen zaizkigun beldur eta sentimenduei?
Apurka konfiantza hartzen joan behar gara, bai jendartearengan, bai osasunarengan. Zentzudunak izan behar gara, baina beharrezko neurriak hartuta lasai egotea lortu beharko genuke.
Zerbait ikasiko dugu honen ostean?
Lehengo egunean irakurri nuen akaso bigarren pandemian zerbait ikasiko dugula (barreak). Hasieran esaten zuten honek pertsona hobeak egingo gintuela, baina nik ez daukat argi, oxala. Ikusita balkoietara buiaka ateratzen ziren pertsonak, ez dut uste enpatia gehiago garatu dugunik, are gehiago, askotan kontrakoa ere pentsatzen dut. Hiru hilabete eman ditugu gure buruari bakarrik entzuten eta ez dakit hori oso lagungarria den. Oraindik enpatia garatzeko ariketa bat egin behar dugu, ez dut uste pandemiak berez ezer erakutsi digunik.