Sabin L. de Gereño: “‘Ikusi Mendizaleak’ herriarena bihurtu da, nik herriari eman diot”

Erabiltzailearen aurpegia PREST! aldizkaria 2020ko urr. 1a, 09:00

Argazkiak: Ecuador Etxea

Besapean kantuz eta partituraz betetako karpeta dakarrela agertu da Sabin Lopez de Gereño (Bilbo, 1941) adostuta genuen hitzordura. Gaztetan hasi zen abestiak idazten, hirurehundik gora sortu ditu dagoeneko. Horien artean lehenengotarikoa izan zen Ikusi Mendizaleak, egile ezezaguneko kantu ospetsua.

Zure familiak lotura estua izan du beti Deusturekin, baina non jaioa zara?

Ni antzina Espartero kalea zenean jaio nintzen, orain Ajuriagerra kalea dena. Familiako asko Deustura etorriak dira: anaia Xabier, Jose Miren, Estibalitz arreba, eta gero ni. Arrartearrak, nire lehengusu-lehengusinak, Deustun bizi ziren. Beti izan dugu harremana Deusturekin, baina jaio, Bilbon jaio nintzen.

Oso familia euskaltzalea zarete.

Nire ama euskalduna zen, nahiz eta etxean ez zen euskararik egiten. Udak Berrizen ematen zituen eta han ikasi zuen. Nire aitak ez zekien euskaraz, saiatu zen ikasten baina hitz egitea asko kostatzen zitzaion. Hala ere, berak seme-alabok euskaraz jakitea nahi zuen, eta amaren bitartez ikasi genuen.

Nolakoa zen euskararen egoera garai hartan?

Debekatuta zegoen euskaraz hitz egitea. Txikia nintzela, eskolan hasi baino lehen, euskaraz baino ez nekien, eta horregatik kalean isilik joan behar nintzen. Areago, badakizu non ikasi nuen euskara? Kanaria Handian.

Nolatan ba?

Hiru hilabete nituela aita zigortu eta lanetik kaleratu zuten. Kanarietan aurkitu zuen lana eta familia erdia hara joan ginen hiru urtez. Hiru hilabetekin joan nintzen Kanarietara, eta hiru urterekin itzuli. Etxean laguntzen zigun andreak euskarazko kantak abesten zizkidan, aitak eskatuta nik euskara mantentzeko. 

Garai gogorrak izango ziren.

Polizia behin baino gehiagotan etorri zen gure etxea miatzera, telefonoa kontrolatzen ziguten, nire aita eta anai-arreba batzuk kartzelan egon ziren, atzerrira joan behar izan ginen hiru urtez... Euskal kultura guztiz zigortuta zegoen. Esaterako, ni Txinpartak taldean ibili nintzen, eta edozein jarduera kultural egiteko zentsuratik igaro behar zen. Oso zaila zen euskal kulturarekin harremana zuen ezer egitea.

Hala ere, familian beti egin duzue euskal kulturaren alde.

Bai. Nire anaia Xabier idazlea izan zen, Estibalitz Deustuko Ikastolako lehen andereñoa izan zen eta Jose Miren nire anaiak frankismo garaian Euskal Herriko zazpi herrialdeak batera agertzen ziren lehen mapa egin zuen. Orduko Caja de Ahorros Vizcainak argitaratu zuen eta oso ospetsua egin zen, Franco bizirik zegoen sasoi hartan. Ni Txinpartak Euskal Antzerki Taldean ibili nintzen urte batzuk.

Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna?

Egia esan, ez dakit. Etxean jai giroan afaltzen genuenean elkarrekin abesten genuen, ez zegoelako telebistarik ez ezer. Ni seigarren neba-arreba nintzen, gazteena, eta gainerako bostek San Antongo abesbatzan kantatzen zuten. Amak pianoa jotzen zuen eta besteok abestu. Uste dut abeslari sena handik datorkidala. Baina ez dakit zergatik, sei urte nituela biolina ikastearekin tematu nintzen. Bi urtez eskatu nien Errege Magoei biolin bat opari, eta, azkenean, ekarri zidaten. Orduan hasi nintzen solfeoa ikasten eta biolin karrera egin nuen.

Zergatik hasi zinen kantuak idazten?

Konturatu gabe hasi nintzen. Idatzi nuen lehen abestia nire koinatuari eskerrak emateko izan zen, Ingalaterratik ekarri zidan opari batengatik. Ikusi Mendizaleak egin nuen bigarren edo hirugarren kantua izan zen, 1966 edo 1967. urtean. 

Nola sortu zenuen?

Anaia Xabierrek eskatu zidan mendian kantatzeko abesti bat idazteko, beti berdinak kantatzen genituen-eta. Egun batean, Argiñe nire bikotearekin eta beste lagun batzuekin mendian egon ostean poz-pozik etxera bueltan nindoala, melodia bat abesten hasi nintzen. Etxera heldu nintzenerako melodia buruan neukan, eta ahaztu baino lehen, idatzi egin nuen. Gero letra gehitu nion eta horrela sortu nuen Ikusi Mendizaleak.

Lehenengo melodia eta gero letra?

Nire sormen prozesua horrela izan ohi da: lehendabizi melodia asmatu eta gero hitzak jarri. Salbuespen batzuk badaude, esaterako, Gabriel Arestiren Nire Aitaren Etxea olerkiari nik jarri diot doinua.

Nola heldu da Ikusi Mendizaleak gaur egun duen oihartzuna izatera?

Abestia egin nuenean Xabierri eman nion eta ahaztu egin nuen. Berak, nik jakin gabe, Ondarruko Argoitia neba-arrebei eman zien, gitarrarekin herriz herri kantatzen ibiltzen zirenak. Kantua entzun nuen lehen aldia Urbian ospatu zen Aberri Egun batean izan zen. Heldu ginenean txistulariak entzun nituen, Ikusi Mendizaleak jotzen. Horrela jabetu nintzen nire abestia ezaguna egiten hasia zela. Gero Argoitia neba-arrebek disko batean atera zuten. Nik ez dut ezer egin, bera bakarrik zabaldu da.

Izan duzu arazorik egiletzarekin?

Kantua ezaguna egiten hasi zenean Argiñe emazteak kantua nire izenean erregistratzeko esan zidan. Nik ez nuen nahi, baina, azkenean, jaramon egin nion eta Egile eta Editoreen Elkartean eta Jabetza Intelektualean erregistratu nuen, urte batzuk igarota. Gerora konturatu nintzen nire ondoren beste hamar pertsonak baino gehiagok erregistratu zutela eurena izango balitz bezala. Musika talde bati abestia euren diskoan sartzeko baimena ematera joan nintzenean konturatu nintzen horretaz. Abestia nirea dela frogatzea nireak eta bi kostatu zitzaidan. Egia esan egiletzak ez dit ardura, baina ez zait gustatzen besteon lanaz horrela jabetzea.

Sabin eta Argiñe bikotea 'Ikusi Mendizaleak' idatzi zuen urtean 

Nolatan kantua horren ezaguna eta egilea ezezaguna izatea?

Hori da gehien maite dudana, ez dela nirea. Herriarena bihurtu da, nik herriari eman diot. Opari hoberik ezin nion egin.

Zer sentitzen duzu han eta hemen zure kantua entzuten duzunean?

Ez dela nirea, nigandik eskapatu dela.

Jarraitzen duzu abestiak idazten?

Bai. Atzo bertan (irailak 7) azkena edo azken aurrekoa amaitu nuen. Guztira 300 abesti egin ditut.

Zer izan zara ofizioz?

Nik musika gozatzeko erabili dut, eta teknikari lana bizimodua irabazteko. Industria-peritua eta salmenta-zuzendaria izan nintzen Mungiako Arteche enpresan. Garai batean oso lanpetuta ibili nintzen, bidaia asko egin behar nituen. Urte horietan oso abesti gutxi egin nituen, burua beste leku batean neukalako.

Zerk inspiratzen zaitu?

Denetarik idazten dut. Adibidez, orain Koronabirusari buruzko abesti batzuk idatzi ditut. Batzuk saminak dira, besteak alaiak; momentuaren arabera. Ez daukat gai finkorik, baina idazten ditudan hitzak beti daude lotuta bakearekin, Euskal Herriarekiko maitasunarekin eta pertsona guztiokiko errespetuarekin. Nire olerkiak arlo horretan kokatu ohi dira.

Zer da Euskal Kantu Liriko berriak?

2003an martxan jarri nuen proiektua da, kantu liriko berriak sortu eta ezagutzera emateko helburua duena. Zenbait liburuxketan 70 kantu inguru argitaratu eta banatu ditut dohainik. Udalak dirulaguntza bat ematen zidan, eta gainerakoa nire poltsikotik ordaintzen nuen. Iaz utzi nuen proiektua, pena handiz, gustatuko litzaidakeelako norbaitek lekukoa hartzea eta proiektuarekin jarraitzea. Nik uste dut euskaldunok melodia berriak sortzeko gaitasun berezia daukagula. Eta abesteko gaitasun handia ere badugu. 

 

“Esaten dute abesti on bat modu desberdinetan interpretatu daitekeela”

Ikusi Mendizaleak abestiak hainbat bertsio ditu, zein gustatzen zaizu gehien?

Esaten dute abesti on bat modu desberdinetan interpretatu daitekeela, eta Ikusi Mendizaleak hainbat erritmotara egokitu dute. Ez daukat gogokoen bat, unearen arabera eta nire bihotza zelan dagoenaren arabera bata edo bestea nahiago dut.

Ikusi Mendizaleak da zure kanturik ezagunena, baina 300 dituzu, baduzu gustukoenik?

Nire hiru seme-alabei sehaska abesti bana egin nien, nire ilobei ere, nire lagun batzuek eurentzako egindako abesti liriko bat dute... Abestiak sentimenduak komunikatzeko dira, baina entzuleak jartzen die neurria, ez egileek. Ezin dut esan zein den gehien gustatzen zaidana.