Ibarrekolandabidea kaletik Cabras mendira igotzeko hainbat bidexka daude. Horietako edozein hartu eta ortuak topatu daitezke alde batera zein bestera. Ia mendi magal osoa dago hartuta, Elorrietatik Ibarrekolandaraino. Denetarikoak dira, handiak zein txikiak, txabola eta guzti daukatenak, edota arboladunak, baina den-denak ondo zainduak daude.
Trenbide zaharrak utzitako bidea alde batean, eta Bilboko sarrera nagusienetakoa den Enekuriko errepidea bestean, auzootan porlanez bete gabeko azken eremuetakoa da. Areago, badira San Ignazio auzoa eraiki aurreko zantzuak ere: Moré estradan dagoen Iturriagagoikoa baserria edo Ibarrekolandabidean dagoen Tellaetxe baserria kasu. Hasiera batean orain kiroldegiko futbol zelaia dagoen tokian zegoen, eta bertatik bota zituztenean eraman zuten baserria trenbidearen bestaldera.
Garai hartan nagusi ziren landak eta baserriak bazterrean geratzen joan dira urteetan zehar. 1945ean Francok San Ignacio de Loyolako urbanizazio proiektua habian jarri zuenetik, landa eremuak eta urbanizazioak elkar bizi behar izan zuten denbora luzez. Azkenean, adreiluak eta porlanak irabazi zuten bataila, baina ez zuten den-dena jan.
Pixkanaka desagertzen joandako bizimodua
1945ean hasi ziren San Ignacio de Loyola urbanizazio proiektuaren lanak. 1950ean banatu zituzten lehen etxebizitzen giltzak, baina proiektu osoaren lanak hamar urtez luzatu ziren. Frankoren gobernuko Obra Sindical del Hogar eta Instituto Nacional de la Vivienda erakundeek diseinatu zuten proiektua bertoko arkitektoekin batera. Urbanizazio frankistaren ezaugarri guztiak biltzen ditu: eraikuntza monumentalak, erdigunean eliza eta Falangearen egoitza (oraingo Baztan eta Aoiz plazetan), etorbide nagusi bat (lehen Ejerzitoaren etorbidea, egun Agirre Lehendakariaren etorbidea), kiroldegi handi bat, polizia-etxea (gaur egun liburutegia dena), eta familia tradizionalaren ideia indartzen zuten etxeak, lorategi komunak zituztenak.
Etxe-multzo berria Bilbo Handiaren zabalgune bezala irudikatu zuten. Hala ere, ez zen hura izan horrelako proposamena biltzen zuen lehen proiektua. Izan ere, errepublikako garaian Elorrietan “hiri satelite” bat eraikitzeko proiektua hasi ziren garatzen, eta San Ignacio de Loyolakoa onartu aurretik, beste proiektu batzuk aurreikusi zituen Francoren gobernuak.
Urbanizazio prozesua ez zen egun batetik bestera egin, baina bortitza izan zen bertokoentzat. Dozenaka familia bota zituzten euren etxeetatik, gehienak bizi ziren baserrien eta lantzen zituzten lurren jabe ez zirenak, alokairuan baitzeuden belaunaldiz belaunaldi. 13 hektareako landa eremua porlanez estali eta bertako bizimodua zapuztu zuten, baina gutxi batzuk bizirautea lortu zuten. Orain ezagutzen ditugun baserri eta ortuak ezin ulertu ditzakegu urbanizazio prozesu hura kontuan hartu gabe.
Jabe anitzeko lurrak
Auzokideek esan digutenaren arabera, Ibarrekolandabidea kaleko 136. zenbakian dagoen etxe gorritik Ibarrekolandarantza dauden orubeek askotariko jabetza mota dute: badaude erositako lurrak, herentzian jasotakoak, ezagunen batek lagatakoak, alokairuan hartutakoak… Elorrietarantza daudenak, aldiz, jaberik gabekoak dira gehienak. Urteetan zehar lurra lantzen aritu diren auzokideek hartu dituzte, pixkanaka eta erabileraren bidez, eta sarri aldatu ohi da “jabea”. Batek baratzea utzi nahi duenean ezagun bati uzten dio, edo hutsik uzten du eta besteren bat sartzen da lurra lantzera.
Gehienek baratzerako erabiltzen dute lurra, autokontsumorako justu-justu, batzuek, akaso, soberakin apurren bat saltzea lortzen dute, eta beste batzuek erabilera “ludikoagoa” ematen diote lurrari: aisirako, umeek jolasteko, denbora pasatzeko…
Denek ala denek herritarronak diren lurrei indarrez eragotzi diguten erabilera ematen diete; bere egin eta zaindu egiten dituzte. Nolanahi ere, aitortu behar da orokorrean auzoan deserrotze handia dagoela ortuekiko eta kapitalaren logikatik ihes egitea lortu duen eremu honekiko.
Udalaren asmoen aurrean, denetariko iritziak jaso ditugu baratzeak dituzten auzokideen artean: batzuk okupatutako lurretan daudela onartu eta hala eskatzen dietenean alde egingo dutela esan digute, beste batzuek, ordea, ortuak auzoarekin berriz lotu eta espazioa kolektibizatzea dute helburu, zonaldea defendatzeko intentzioarekin.
Mendia hiriko parke handi
Udalak Elorrieta eta Madre de Dios ikastetxearen artean parke bat eraikitzeko asmoa azaldu zuen 2016ko Hiri Antolaketako Plan Orokorraren Aurrerakinean. Oraindik eztabaida prozesuan egon arren, auzokide batek argitu digu planak aurrera jarraitzen duela eta “antolatzen ez bagara azkarrago egingo du aurrera”. “Konturatzerako porlanez inguratuta egongo gara”, diosku arduratuta.
Bere ustetan, Udalaren asmoa ez da parkeak egitea, baizik eta etxebizitza gehiago eraikitzea. Izan ere, egungo udal-ordenantzak eraikin berri bakoitzeko hiriko eremu berdeak handitzera behartzen du. Zorrotzaurre planaren baitan eraiki asmo dituzten etxebizitzek, esaterako, eragina dute horretan, ez baitago berdegune nahikorik hainbeste bizilagunentzako. Udalak lursail berdeak handitu behar ditu horretarako, eta aztergai dugun eremuak ez ditu horrela kalifikatua izateko baldintzak betetzen. Lurzoru urbanizaezin eta kalifikatu gabeak dira gehienak.
Nola kolektibizatu lurrok?
Erantzun errazik ez galdera zailentzat. Urteetan jabetza pribatuaren bidez bizirik iraun duen lurra jorratzeko ohiturak gero eta gertuago dauka amaiera. Zaila da jakitea desjabetzeak egotekotan, zein baldintzatan izango lirateken. Lursail asko herentzian jasoak dira, eta senide askoren artean banatu beharko lirateke, beste batzuetan eraikuntzak ere badaude (etxeak, negutegiak…). Horietako bat duen auzokide batek esan digu nahiz eta lurraren jabetza berea ez izan, diruz konpentsatu beharko luketela negutegia kendu beharko balu, adibidez. Lagun batek utzitako lurra lantzen duen beste auzokide batek, ordea, kontrako susmoa du. Bere ustez, “urte hauetan guztietan Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga ordaindu ez dutenek ez dute sosik ere ikusiko”.
Zaila da jabe guzti hauen artean eta gainerako auzokideen artean kolektibotasun sentimendua piztea, kaleak eta plazak bezala, mendiak eta zelaiak ere auzokideonak direla ulertaraztea. Bada urbanizatu eta kutsatu gabeko eremu hau Udalari aurka egiteko tresna gisa ikusten duena, erresistentziarako lubaki. Bilbon kapitalarentzako produktiboak ez diren zonalde gutxi geratzen dira, are gutxiago hiriaren espantsio foku bihurtu den gure auzoan, eta ez dituzte porlanez bete gabe utziko. Auzokideon lana da elkarlanean bizitzeko behar ditugun espazio hauek defendatu eta kolektibizatzea.