Landare inbaditzaileak San Inazio apaintzeko

Erabiltzailearen aurpegia PREST! aldizkaria 2020ko aza. 10a, 12:00

Argazkiak azaroaren 4an PREST! aldizkariak ateratakoak dira

Elkarrekin Podemoseko taldea izan zen Udala uriko lorategietan landare exotiko inbaditzaileak landatzen ari zela jakitera eman zuena. Zehazki, Zarandoa etorbideko pasealekuan jarri zituzten Pennisetum Setacum gramineoak. Mozioaren ondoren, Udalak landareok erretiratzako agindu zuen, baina bere horretan jarraitzen dute. Egindakoaren ondorioak aztertzeko Juan Antonio Campos eta Ibone Amezaga EHUko Biologia irakasle eta ikerlariarekin hitz egin dugu.

Deustuko kanalaren ertzean dauden etxebizitza berrien parean, Zarandoa etorbideko pasealekuan, lorategiak apaintzeko Pennisetum Setaceum landareak jarri zituen Udalak urri hasieran. Gazteleraz “rabo de gato” izenez dira ezagunak, eta landare exotiko inbaditzaileak dira. Bilboko Elkarrekin Podemos taldeak mozioa aurkeztu eta hurrengo egunetan Udalak pasealekutik erretiratzeko agindu zuen, baina oraindik ez dituzte kendu. 

Landare inbaditzaileen inguruan tesia egin duen EHUko Landare Biologia saileko Juan Antonio Camposek harrituta irakurri zuen albistea. Bere esanetan, badaude espezie inbaditzaileen katalogo bat eta legeria zehatza, eta horregatik da “harrigarria bezain arriskutsua” Udalak landareok hiriko lorategietan sartzea.

Camposen ustez, “landare inbaditzaileen arazoa oso larria da eta nahiko zabalduta dago Euskal Herrian”. Gainera, hemengo klima epelak landareak erraz ugaldu eta lorategietatik kanpo zabaltzea errazten omen du.

EHUko Biologia irakasle eta ikerlari den Ibone Amezagaren iritziz, landare exotikoak, berez, ez dira kaltegarriak, euren kabuz eta erraz ugaltzen direnean sortzen dituzte arazoak. Hori da, hain zuzen, auzoko parkean landatutakoen kasua. Afrika ipar-ekialdetik ekarritako gramineoa da Pennisetum Setacuma. Landare bakoitzak 10.000 hazi sor ditzake eta hauek sei urtez iraun dezakete lurzoruan ernatu arte. 

Landare hau 40ko hamarkadan sartu zen Kanariar Uharteetan apaingarri gisara. “Lehen kanpoko landare asko ekartzen ziren lorategiak apaintzeko; orain biodibertsitatean duten eragina ezagututa berdina egiten jarraitzea oso arriskutsua da”, dio Amezagak.

Bere ustetan, egun biosferan dugun arazorik larriena lurzoruen erabileraren aldaketa da. Landare inbaditzaileek bertokoei kentzen diote lekua, eta desoreka sortzen dute floraren bioaniztasunean, baina baita lurzoruan eta faunan ere: zomorroengan, lurraren deskonposaketan, mantenugaien zikloan, ezaugarri kimikoetan… “Sistema osoa aldatzen da”, azaldu du kezkatuta. 

Sistema berri horrek ez du zertan txarra izan behar, baina Amezagaren ustetan, lekuan leku bertoko baldintzetara ondoen moldatu diren espeziak daude, eta horiek mantentzean egin beharko genuke ahalegina, haiek baitute baldintza berrietara moldatzeko gaitasun handiena.

Horretarako, bertoko espezieak eta ekotipoak landatzearen beharra azpimarratu du: “Zer egiten dute hainbeste palmera eta eukaliptok Bilbon? Zergatik ez ditugu gure espezieak landatzen? Guk gure biodibertsitatea behar dugu klima-aldaketari aurre egiteko”.