uriola.eus

Kosta ahala kosta, kanta

Erabiltzailearen aurpegia   Kultura-aisialdia

Pandemiak zail jarri die bertsolari gazteei publiko aurrean kantatzea. Gehienak plaza gabe geratu dira, eta bertsotan aritzeko aukera dagoen apurretan “beti berdinek” gozatzen dute. Elorri Bertso Eskolako kideek egoera irauli guran zazpi bertso-saio antolatu dituzte martxoa eta maiatza bitartean, gazteak oholtzaratzeko.

Kosta ahala kosta, kanta
Elorri Bertso Eskola | Ikusi handiago | Argazki originala

Martxoan izan zen lehen aukera Deustun bertsoak entzuteko. Jai Batzordeak deituta Maite Sarasola deustuarra ikusi genuen Alaia Martin, Oihana Iguaran eta Aitor Mendiluzeren aldamenean abesten, Arkaitz Estiballesek proposatutako gaien gainean. Baina, inor bertso-gosez geratu bazen, apirilean eta maiatzean izango ditu asetzeko beste sei aukera, Elorri Bertso Eskolari esker.

Apirilaren 14an izango da lehena, Aferak bertso-dinamikaren laugarren edizioaren estreinako saioan. Maiatzaren 12ra bitarte, asteazkenero saio bana prestatu dute, guztira, bost, Bidarte Udaltegian. Horrez gain, apirilaren 16an, ostirala, Bertsozale Elkarteak martxan jarritako Plazara ekimenaren baitan beste bertso saio bat antolatu dute, hau ere Bidarten. Bizkaia osoko lau bertsolari gazte etorriko dira gurera kantatzera.

Irauteko, berritu

Aurreikusi zitekeen modura, aldaketa ugari dakartza aurtengo Aferak dinamikak. Nabarmenena, akaso, Deustuko Herriko Tabernatik Bidarte Udaltegira mugituko dela. Bertan aforoa handiagoa izateaz gain, ostalaritzari ezarritako neurri aldakorrengatik salbu egongo dira, leku gabe geratzeko beldurra kenduta. Gainera, tabernatik ateratzeak beste publiko bati gerturatzeko aukera emango diela uste dute antolatzaileek.

Bestalde, aurten saioak ez dira ostegunetan izango, asteazkenetan baizik. Denak 19:00etan hasiko dira eta ordu eta erdiren bueltan iraungo dute. Edukiera 39 pertsonakoa izango da. Sarrerak aldez aurretik erreserbatu beharko dira, kontrola bermatzeko. Gainera, Udaltegiaren eskakizunez, bertsolariek maskara jantzita egon beharko dute denbora guztian, baita abesterakoan ere. Erronka izango da, seguru, baina “entrenamendurako eta etorri daitekeenera ohitzeko” baliatuko dutela aitortu digute Elorriko kideek.

“Gaitasuna izan behar dugu egun batetik bestera aldatu daitezkeen neurri denetara egokitzeko”, esan digute, pozik, “egin ahal delako”. Saioak noiz hasi irrikan daude, haiek ere abesteko aukera izango baitute: “Kantatzeko gogotsu eta Deustun plaza bat egoteko gogotsu gaude”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa