Xabier Bañuelos Ganuza: “Jakin-minez bidaiatzen dut, ezagutzeko eta ulertzeko”

Erabiltzailearen aurpegia PREST! aldizkaria 2021ko mai. 14a, 12:07

Motz geratu zaigu Xabier Bañuelosekin hizketaldia. Zaila izan da kontatzeko duen guztia lau orritan laburtzea. Kazetaritza, bidaiak eta arlo soziala uztartzen ditu egiten dituen gauza guztietan. Boluntariotzaren inguruan lan egiten jarraitzen badu ere, azken boladan bidaietan zentratu da batik bat. Bere ibilbide luzeari buruz aritu gara elkarrizketa lasai eta atsegin batean.

Gauza asko egiten duzu. Zein da zure ogibidea?

Galdera hori egiten didatenean beti erantzuten dut ni kazetaria naizela. Hori da nire bokazioa, eta horretarako ikasi nuen. Mamia duten istorioak kontatzea gustatzen zait, inguruko errealitateak erakustea. 15 urte nituenetik argi izan dut munduari era honetan egin nahi diodala so, ikusten eta kontatzen duen voyeur-aren ikuspegitik, baina konpromiso sozialarekin.

Zer ibilbide egin duzu?

Gizarte-lanetan hasi nintzen. Soziologia ikasten hasi nintzen gero kazetaritza egiteko asmoz. Lehen lana Agintzari elkartean aurkitu nuen, proiektua hasten ari zenean. Animatzaile komunitarioa nintzen 1. barrutian, haur eta gazteen bazterketa prebenitzeko proiektu bat genuen. Parte-hartze kolektiboa bultzatzen genuen, jendea antolatzera animatuz. Erakundearen komunikazio arduraduna ere banintzen. Ostean, hainbat aldizkaritan aritu nintzen lanean: ‘Bizia’, Euskal Comunicaciónek argitaratzen zuena, Aldundiaren ‘Bizkaia maitea’, Bizkaiko Guraso Elkartearena... Jarraian, ‘Bizia’ telebista-saioa zuzendu nuen, Euskal Comunicaciónena hau ere. Han asko ikasi nuen, baina ikusi nuen ez zaidala batere gustatzen telebistaren atzean dagoen botere eta diru lehia.

Eta ondoren?

Euskal Comunicación utzi nuenean bi erabaki hartu nituen: bata, ez nuela oposaketarik egingo, nahiago nuelako egonkortasun ekonomikorik ez izan, baina ordutegi eta opor askeagoak eduki; eta, bestea, ez nuela enpresa pribatuan lan egin nahi, nahiago nuelako nekien apurra gizarte munduari eman.

Orduan, zein da formula?

‘Bizia’ utzi eta Ameriketara joan nintzen sei hilabetez. Itzuli nintzenean Erreka plataforma ekologistan hasi nintzen liberatu. Akordio batera iritsi nintzen haiekin, opor gehiago eta lan egiteko askatasuna izateko, baina lau hilabetez Mexikora joateko utzi nuen eta itzuli nintzenean EDE fundazioan hasi nintzen lanean. Hortik sortu zen Bolunta eta komunikazioa eramatea eskaini zidaten. 13 urte eman nituen, haiekin akordio batera iritsi nintzelako bidaiatu ahal izateko eta malgutasun handia izateko, baina inoiz ez naiz gauza bakarrean lanean egon, ordurako Bilbao, El Mundo eta El Correo egunkariekin kolaborazioak egiten nituen.

Nola hasi zinen bidaia-gidari?

Zenbait hedabidetan bidaia-erreportaje batzuk eginak nituen. Egun batean, AñosLuz bidaia agentziako lagun batek deitu zidan Tanzaniara gidari joatea eskaintzeko. Norvegian nengoen, lagun baten etxean, luze geratzeko asmoz. Ez nuen Tanzania ezagutzen eta ez nuen inoiz bidaia gidari lanik egin, baina baietz esan nion eta bost egunetan Arushan (Tanzania) nengoen. Hortik aurrera, urtero hasi nintzen AñosLuzekin kolaboratzen.

Zenbat herrialdetan egon zara gidari?

Jordania, Siria, Maroko, Vietnam, Kanbodia, Islandia, Mexiko, Guatemala, Belize, Honduras, Namibia, Botswana... Kasu guztietan leku horretara joaten nintzen lehen aldia zen, Marokoko kasua izan ezik. Oro har, nahiko ondo joan izan zait beti.

Bidaiatzea ogibide bihurtzeak erakargarri dirudi oso.

Bidaia-gidari izatea oso lan polita da, niri asko gustatzen zait, baina gogorra da, oso gutxitan doalako dena ondo eta gauzak asko okertu daitezkeelako. Gidari zarenean lanean ari zara, ez bidaiatzen. Osagai erromantikoa du eta jendearekin kontaktua oso polita da, baina badu bere zailtasuna ere.

Pasadizo asko izango dituzu kontatzeko.

Boluntan lanean nengoela, bidaia-gidari nintzen, eta askotan kanpotik egiten nuen lan. Denetarik egin dut lana uztartzeko. Ngorongorotik (Tanzania) telefonoa hartu eta Radio Euskadin boluntariotzari buruzko elkarrizketak egin ditut. Behin, suge haztegi batean nengoen Arusha ondoan, suge bat eskuan nuen eta Loreto Larumbek deitu zidan irratian elkarrizketa bat egiteko. Oso gauza dibertigarriak gertatu zaizkit.

Gaur egun, zure kontura egiten duzu lan?

Krisia etorri zen, nire Boluntako lana amaitu zen eta ordutik freelance naiz. Gizarte-gaietan laguntzen dut oraindik, baina azken urteotan bidaietan egin dut lan. Kooperazio-bidaiak egiten ditut hainbat elkarterekin, beste herrialde batzuetako errealitatea ezagutarazteko. Geologia ikastaro baterako 20 eguneko bidaiak ere prestatzen ditut eta orain Euskal Prospekzio Taldearekin ari naiz Gerra Zibileko aztarnak bilatzeko egiten dituzten ibilbideetan laguntzen. ‘Zazpi haizetara’ eta Garako ‘7k’ aldizkariekin, National Geographicekin, Radio Vitoriako Aventureros eta Radio Euskadiko Sobre el terreno irratsaioekin ere kolaborazioak egiten ditut.

Gidari lanetan ere jarraitzen duzu?

Bai, baina beste era batean. Bidaia gutxiago egiten ditut eta orain nik proposatzen ditut. Asko gustatzen zaizkit bidaia tematikoak, antropologiari, historiari, musikari edo zinemari buruzkoak, esaterako. Azkenaldian, Italiako iparraldean opera-ibilbide bat antolatzeko ideia daukat bueltaka. Donizzeti, Vivaldi eta Verdi aitzakia hartuta, Bergamo, Milan, Venezia, Padua eta Veronara joan nahi dut.

Nola prestatzen dituzu bidaiak?

Asko gozatzen dut prestatzen, bidaiatzen eta kontatzen, hiru aldiz bidaiatzearen parekoa da. Bidaiak prestatzeko, joaten naizen herrialdeetako idazleen lanak irakurtzen ditut. Literatura irakurtzen dut, ez bidaia-liburuak, eta gai sozial eta politikoen inguruan asko baizik irakurtzen dut. Interneten, liburuetan eta gidetan bilatzen dut informazioa, eta lagunei aholkuak ere eskatzen dizkiet. Ibilbideak modu irekian diseinatzen ditut, aurreikusitakoa oso gutxitan betetzen dugulako.

Patxada behar da horretarako.

Denboraz estu-estu bidaiatuz gero, ezin duzu erabakirik hartu. Denborak nire partez erabakitzea gustatzen zait, bidean jendea aurkitzea eta nire ibilbidea aldatzea.

Zein helbururekin bidaiatzen duzu?

Jakin-minez, ezagutzeko eta ulertzeko. Ez naiz soilik bidaiatzen leku enblematikoak bisitatzeko eta paisaia politak ikusteko, nik jendearekin egoteko bidaiatzen dut. Horregatik gustatzen zait trenez bidaiatzea eta oinez ibiltzea, kontaktu zuzenagoa lortzen delako horrela.

Ez da oso ohikoa horrela bidaiatzea.

Nik ulertzen dut hilabeteko oporraldia bakarrik duena denbora ahalik eta gehien aprobetxatzeko ahalik eta leku gehienetara joaten saiatuko dela, baina ez nator bat. Ez zait gustatzen estresarekin bidaiatzea. Niri, adibidez, helmugak errepikatzea gustatzen zait. Egia da asko bidaiatzen dudala eta hori egin dezakedala, baina ez daude bi bidaia berdin. Leku batera itzultzen naizen bakoitzean gauza berriak aurkitzen ditut.

Zenbat hizkuntza hitz egiten dituzu?

Gaztelania eta euskara, eta ingelesez moldatzen naiz, besterik ez. Egia esan, ingelesarekin eta irribarrearekin nahikoa izan dut leku guztietan. Tanzanian, adibidez, denek hitz egiten dute swahilia, ingelesa eta beren hizkuntza propioa, eta, ziur asko, euren inguruko etnietako bi hizkuntzatan moldatzen dira. Gainera, swahiliaren fonetikak gaztelaniaren eta euskararen antz handia duenez, guk bezala hitz egiten dute ingelesez.

Dagoeneko txerto asko izango dituzu jarrita.

Bai, behar diren guztiak jartzen ditut, eta herrialde batzuetan nahitaezko txertoak daude, sukar horiarena kasu. Bidaietan malaria, dengea, hepatitisa eta hainbat gernu-infekzio pasatu ditut. Luzaro joan naizenetan soilik ez dut profilaxirik hartu, lau hilabetez leku batean egon behar baduzu albo-ondorioak gogorrak izan daitezkeelako. Horregatik hartu nuen malaria Tanzanian. Gainera, falciparuma hartu nuen, gogorrena, baina sendatzen duen bakarra. Haitin dengea harrapatu nuen, ez baitago aurkako txertorik. Marokon hepatitisa harrapatu nuen egoera txarrean zegoen haragia jateagatik.

Amaitzeko, gomendatuko zeniguke inguruko lekurik bisitatzeko?

Gauza interesgarriak ikusteko ez dago oso urrutira joan behar. Adibidez, orain gutxi Entziako mendilerroan egon naiz eta oso ederra da: Legaireko menhirrak, Zalanportilloko pagadia... Urdaibain arrano arrantzalea haztea lortu berri dute, oso leku gutxitan dago. Nerbioi ibaiaren jauzia, Leze leizea… leku izugarriak dira. Duela gutxi Portilla eta Lanos inguruan egon nintzen, Arabako hegoaldean, Nafarroako Erresuma zaharrean, eta Erdi Aroko aztarnak izugarriak dira.

SAKONEAN

Serengetiko lehoien izenak ere ezagutzen ditut”

Baduzu leku gogokorik?

Gauza onak esango nizkizuke egon naizen herrialde guztiei buruz, baina lotura emozionalengatik leku batzuk besteak gehiago gustatzen zaizkit. Argentina oso berezia da niretzat, bertan bizi izan naizelako, lagun onak egin ditudalako eta oso ondo pasatu dudalako, eta horretaz gain, zoragarria delako. Denetarik dauka, Sahara bezalako basamortu bat baino ez zaio falta! Ekuador ere asko gustatzen zait, nire lehen bidaia handia izan zelako. Maitasun handiz gogoratzen dut. Latinoamerika asko gustatzen zait, paisaia izugarriak dituelako, jende jatorra duelako eta hizkuntzak asko errazten duelako.

Lotura berezirik al duzu tokiren batekin?

14 aldiz izan naiz Tanzanian, Serengetiko lehoien izenak ere ezagutzen ditut. Behin taberna batean nengoen lagunekin eta telebistan Serengetiko lehoiei buruzko dokumental bat ematen ari ziren, eta oihu egin nuen: "kontxo, lehoi hori nik ezagutzen dut!". Oso lurraldekoiak dira, ondorioz, paisaia ezagutzen baduzu eta lehoiari belarrian zatitxo bat falta bazaio, badakizu zein den.

Itzuliko ez zinatekeen lekurik dago?

Egiptora ez itzultzeko tentazioa izan nuen, bertan jasan nuen jazarpenagatik. Pazientzia handia daukat, baina agortu egin zitzaidan. Hala ere, berehala aldatu nuen iritzia. Asko gustatzen zait Egipto, bere iraganagatik, aztarna arkeologikoengatik, giroagatik…