Behar dutenei lagunduz pozik bizi da Mertxe Chacon. Bizitzan une txar bat igaro ostean, Burkina Fasora joan zen boluntario duela bost urte. Hunkitu egiten da unea gogora ekartzean. Bidai hartatik bere bizitza goitik behera aldatu da, bai eta bidean gurutzatu dituen ehunka pertsonenak ere. Izan ere, geroztik urtero bueltatu da Burkina Fasora.
Bidaietako batean Bartzelonatik Burkina Fasora dohaintzak eramaten dituen Madi ezagutu zuen, eta bien artean Bilbon bilketa bat egitea erabaki zuen. Hasierako asmoa Bilbon bildutakoa furgoneta batean Bartzelonara eramatea zen. Orduan ez zekiten bi kontainer oso-osorik beteko zituztela aste gutxi batzuetan. 80 tona arropa, material eta janari bidali zituzten 2019ko martxoan. Gerora hirugarren bat bidali zuten, Gabonetan, eta orain beste bi betetzen ari dira.
‘Eskua zabalik’
Horrela sortu zen Paka Nuga, lehenengo bidalketa horretan ezagututako jendearekin. Zortzi lagunek kudeatzen dute elkartea, baina inguruan hamaika pertsona dituzte, Burkina Fason laguntza behar den aldiro erantzuten dutenak. Mossien more hizkuntzan Paka Nuga-k ‘eskua zabalik’ esan nahi du.
Egitasmoaren oihartzunak zeharo harritu du Mertxe. Lehengo bi edukiontziak penintsula osoan biral egin zen audio bati esker bete zituzten. Urrunetik ere deitzen zioten laguntza eman nahian. Oraindik ere kostatu egiten zaio sinestea bere mezuek hainbeste jende mugitzen dutenik.
Denetarik jasotzen dute: jaki ez galkorrak, jantziak, gurpil-aulkiak, telefonoak, bizikletak, jostailuak, eskola materiala, material medikoa... eta dirua. Izan ere, horrelako edukiontziak Bilbotik Burkina Fasora eramatea ez da lan erraza ez merkea. Ibarrekolandako biltegia ere utzitakoa da. Norbanakoekin eta enpresa txikiekin oso eskertuta dago Mertxe, ez horrenbeste banketxe eta enpresa handiekin, eskatuta ere ez dietelako apenas ezer ematen.
Maiatzaren 22an beteko dute lehen kontainerra, eta ekainaren 5ean bigarrena. Edukiontziak Bilboko portura eramaten dituzte, eta handik Loméra (Togo), Burkina Fasok ez baitauka kostalderik. Ia bi hilabete ematen dituzte Loméko portura heldu arte, eta handik kamioietan eramaten dituzte Burkina Fasora. Han Madik jasotzen ditu eta bertan banatu.
Bertoko proiektuak ere laguntzen dituzte Paka Nugaren bitartez. Bi emakumeri babesa, laguntza ekonomikoa eta materiala ematen diote: Clarisse Ilboudori, euren familiak abandonatutako eta arbuiatutako emakume gazteak laguntzen dituena; eta Fatimatari, haur umezurtzak laguntzen dituena. Iparraldeko errefuxiatu-eremuetara, desgaitasuna duten haurrak zaintzen dituen elkarte batera eta abandonatutako emakumeen egoitza batera ere bidaltzen dute laguntza.
Informazio gehiagorako pakanuga.org helbidean eta Instagramen aurkituko dituzue.