Euskaraz lasai aritzeko guneak

Erabiltzailearen aurpegia PREST! aldizkaria 2021ko eka. 7a, 11:52

Irudiak: Euskara Batzordeak

Deustualdeko Ikastetxeetan euskararen erabilera sustatzeko sortu ziren ikasleen Euskara Batzordeak. Deustuko Ikastolan eta San Inazioko institutuan DBH 3. eta 4. mailako ikasleek hartzen dute parte, eta Ibarrekolandan eta Botikazarren batxilergokoek. Batzordeetan egiten duten lanaz, parte hartzearen esperientziaz eta gazteen hizkuntza ohiturak aldatzearen zailtasunez aritu gara lau eskola hauetako hainbat batzordekideekin.

San Inazio BHIko 3. mailako Ainara Uriarterekin eta Ander Molpeceresekin, Deustuko Ikastolako 4. mailako Nahikari Iglesiasekin, Botikazar BHIko batxilergoko 1. mailako Garazi Irizarrekin eta Ibarrekolanda BHIko batxilergoko 1. mailako Libe Diaz de Argandoñarekin solastatu gara maiatzeko erreportajea ontzeko.

Euskara Batzordeetako kideak dira bostak. Batzordeok Berbaizu Euskara Elkarteak dinamizatutako ‘Deustuko Ikastetxeak arnasgune bihurtzeko bidean’ proiektuaren parte dira. Egitasmoak Deustualdeko Ikastetxeetan gazteen artean euskara bultzatzea du xede eta, horretarako, baliabideak eta egiturak sortzen ditu. Bilboko Udalaren finantzaketak lagunduta, koordinatzaile bat arduratzen da ikastetxeotan taldeak dinamizatzeaz.

Deustualdeko bigarren hezkuntzako eskola publiko guztietan dago Euskara Batzorde bana. Lau urteko ibilbide laburra izanagatik, ez da gutxi tarte honetan dutena. Zentro bakoitzean bada ikasle talde bat inguruan euskara sustatzeko asmoz biltzen dena eta euskara doan tokira eramaten duena.

Hizkuntza ohiturak aldatzen erronka handia daukate, batez ere DBHko ikasleek. Betiko lagunekin elkartzen dira klasean, eta kasu askotan elkarrekin gaztelaniaz hitz egiteko ohitura daukate. Horri buelta ematea ez da lan makala. San Inazioko eta Deustuko Euskara Batzordeetan batez ere jolasak egiten dituzte, eta partaideek eredu izan nahi dute ingurukoak euskarara gerturatzeko. San Inazio Institutuko 3. mailan daude Ainara Uriarte eta Ander Molpeceres, eta “lagunartean euskara sustatzea” dute helburu, eremu formaletik harago.

“Ez dugu bilatzen mundu guztiak euskaraz hitz egitea, -diosku Ainara Uriartek- baina, behintzat, euskaraz lasai hitz egiteko aukera izatea eta euskaraz aritzeagatik baztertuak ez izatea nahi dugu”. “Batzuetan arraro begiratzen digute klasetik kanpo euskaraz hitz egiteagatik”, gaineratu du Molpeceresek. Bide horretan, “Euskara Batzordea euskaraz lasai aritzeko leku bat” dela argitu digu Uriartek.

Deustuko Ikastolako 4. mailako Nahikari Iglesiasek antzeko guraria du: “Gustatuko litzaidake jendeak euskara gustuz hitz egitea, ez eskolan behartzen dutelako. Uste dut jendeak gehiago balioetsi behar duela euskara, gure hizkuntza delako eta ez dugulako galtzerik nahi”.

Batxilergokoen kasuan errazagoa izan ohi da hizkuntza ohiturak aldatzea, klasekideekin lehen harremanak bertan egiten dituztelako, eta ondorioz, lehen hitza euskaraz egitea errazagoa izaten da. Horrela azaldu digu Botikazar Institutuko Garazi Irizarrek: “DBHn betiko lagunak ginen eta ohituta geunden gaztelaniara jotzera, baina, Batxilergoan ez genuenez elkar ezagutzen harremana hasieratik euskaraz sortzea errazagoa izan da”. Gainera, aurten Euskaraldia ikasturte hasieran izan da, eta eragina asko nabari dute Botikazar eta Ibarrekolandako Institutuetan. “Nik Euskaraldian izugarriz-ko aldaketa nabaritu nuen, batez ere nire kuadrillan. Gero eragina ahultzen joan da”, zehaztu digu Libe Diaz de Argandoñak.

Alta, Botikazarren eta Ibarrekolandan ere zailtasunak izaten dituzte euskal hiztunak aktibatzeko. Liberen arabera, “oso zaila da, baina bi pertsonaren artean harremana euskaraz eraikiz gero, ingurukoek jarraitzea errazagoa da”. Garazi Irizar bat dator bere adierazpenekin, baina uste du “ingurukoen jarrera positiboa oso garrantzitsua” dela, “bestela oso zaila da hautuari eustea”.

Euskararentzako mugarik ez

Orokorrean, galdekatutako ikasle guztiak “oso pozik” daude Batzordean egindako lanarekin eta bizitako esperientziarekin. Ikasturtearen balorazio oso positiboa egin dute denek. “Oso ondo pasatu dut Euskara Batzordean –diosku Nahikari Iglesiasek-, gauza desberdin bat da”. Aipatu behar da, Deustuko Ikastolan trabak izan dituztela aurten ekintzak antolatzeko, Covidaren aurkako neurriek beste ikastetxeetan baino gehiago mugatu baitituzte bertako ikasleak. Eskola barruan Korrika antolatzekoak ziren, baina, osasun neurriak zirela-eta, ezin izan zuten egin, eta horrek taldea nabarmen ahuldu zuen, astelehenero batzeari utzi zioten arte.

San Inazio Institutuan, ordea, gauza gehiago egiteko aukera izan dute. Ikasturtean zehar jolasak egin dituzte asteartero batzordekideen artean. Ikastetxeko gela handiena denez, liburutegian elkartu dira, eta leihoak zabalik eta launaka aritu behar izan dira. Horrez gain, institutuan urtero ospatzen den Kultur Astearen baitan Kultur Ekitaldia prestatu ahal izan dute. Haiek proposatuta, euskal kulturarekin lotutako pertsonaien desfilea antolatu zuten.

“Ezin izan dugu gauza askorik egin Covidagatik, baina egin genezakeena egin dugu”, argitu digute saninazioztarrek. Datorren urtera begira jarri dira dagoeneko, eta ez dituzte ideiak faltan. Ahozkotasuna lantzeko irratsaio bat egiteko asmoa dute. Irakasleak elkarrizketatzea gustatuko litzaieke, lagunarteko espazio atsegin batean sakonago ezagutzeko.

Bestalde, Ibarrekolanda eta Botikazar institutuetan etenik gabe antolatu dituzte ekintzak. Ikasturte hasieran txango bat egin zuten Gasteizera Ibarrekolandakoek, Errekaleor Auzo Askea eta Ohianeder Euskararen Etxea ezagutzeko. Botikazarreko ikasleak, ordea, ezin izan ziren Gasteizera joan, mugak itxi zituztelako joatekoak zirenean, eta horrek taldean eragin diela uste du Garazik: “Nik uste dut horrek eragin digula, ez garelako oso talde elkartua izan. Hasieran kide asko ginen eta orain 5-6 pertsona baino ez gara. Gauza batzuk egin ditugu baina gehiago egin genitzakeela uste dut”.

Egindakoen artean daude Euskaraldiaren inguruko informazioa eta txapak banatzea eta Euskararen Eguneko ekitaldia antolatzea. Korrika izan beharko litzatekeen egunetan ikasgelaka 60 kilometro inguru egin zituzten korrika jolastokian bueltaka, Ibarrekolandan egin zuten bezalaxe. Bi ikastetxeen artean 130 kilometro bete zituzten nork bere eskolako patioan. Ibarrekolandan, gainera, Korrika bi ikasgelaka egin zuten: batak korri egiten zuen bitartean, bestea mintzodromoan ari zen. “Oso ondo pasatu genuen”, laburtu digu eguna Libe Diaz de Argandoñak. Ibarrekolandako ikasleak, gainera, Euskaraldian DBHko taldeetatik pasatu ziren Mihiluze lehiaketak egiten.

Ikasturteari areto-futbol eta boleibol txapelketa banarekin eman diote amaiera Ibarrekolandan eta Botikazarren. Parte hartzeko baldintza bakarra euskaraz hitz egitea izan da. Hurrengo ikasturtera begira, kirolarekin lotutako ekintza gehiago egin nahi dituzte, euskara zabaltzeko.

Orokorrean, ikastetxeetako Euskara Batzordeen artean ez dute elkar ezagutzen. Hurrengo ikasturtean harreman hori osatzen eta trinkotzen saiatuko dira, behintzat Ibarrekolandaren eta Botikazarren artean. Dagoeneko egin dute lehen ahalegina: egun bat hartu zuten elkarrekin egoteko eta iritziak partekatzeko. Goizean euskararen inguruan eztabaidatzeko jolas batzuk egin zituzten, eta gero denek elkarrekin bazkaldu zuten Deustuko Herriko Tabernan.

Hurrengo ikasturtean Ozen dinamikarekin bete nahi dute helburu hori. Ozenek euskararen eskubideen urraketak salatzea eta paisaia linguistikoa ondo euskaratzeko tresnak sortzea du helburu. Modu honetan, Deustuko kaleetara zabaldu nahi dute eskoletan egiten duten lana, “ez bakarrik herria euskalduntzeko nahian, baita gizartean aurkitzen ditugun eskubide urraketak salatzeko, komertzioak euskalduntzeko edo ganorazko elebitasun bat edukitzeko”, irakur daiteke Euskara Batzordeen webgunean.