Lagun artean jaio zen Trinchera argitaletxea sortzeko gogoa, eta adiskidetasun giroan eman ditu lehen urratsak. San Inazioko bi auzokide daude proiektuaren atzean, Patas eta Ivan; auzoko jaietan erabaki zuten editoriala martxan jartzea, buruan zuten ideiari bide ematea. Lagunen lanak kaleratzeko eta haiek irakurri nahiko lituzketen testuak editatu ahal izateko egin zuten, eta dagoeneko argia ikusi dute horietako lauk.
Hurrengoa irakur daiteke liburuon azal-hegalean: “Gure ustez, liburuak eta ideiak ere lubakiak dira. Lurrean zulatutako zangak, babeslekuak, elkarrekin eztabaidatzeko eta hausnartzeko komunikazio bideak eraikitzeko pitzadurak. Partekatu, aurkitu, eztabaidatu, hausnartu”. Politikoki bat egiten duten eta etxe bat bilatzen duten testuak lantzen dituzte edizio independentearen bidez. “Espazio literario eta politiko bat okupatu nahi dugu”, erantsi du Ivanek.
Arineketan eta liburugintzan apenas ezagutzarik gabe eman zuten lehen lana, Itxi Guerraren Ruptura y reparación de la máquina. Escritos desde un cuerpo lisiado (2023). Uztailean, auzoko jaietako Sani Rock jaialdian erabaki zuten buruan bueltaka zuten proiektua hezurmamitzea. Handik aste batzuetara bazuten Guerraren zirriborroa eskuartean eta hilabete eskasean kalean zen eskuz esku. Azkar batean egin zituzten edizio eta maketazio lanak eta inprentara bidali zuten, artean editoriala legez eta formalki osatu gabe zegoela.
“Ostean osatu genuen elkartea, ogasunera joan ginen, fakturak egiten ikasi genuen, hiru hileko aitorpenak... atzetik aurrera hasi ginen”, argitu du Patasek. “Guztiz berriak ginen gai honetan, ez genekien ezer honen inguruan eta arin batean ikasi genuen maketatzen, liburuen azalak proposatzen... Dena izan da lan kamikazea”, gehitu Ivanek.
Ibilbide laburrean anitz
Gogo eta ilusio betez egin dute orain arteko bidea, maitasun osoz. Dagoeneko lau lan argitaratu dituzte eta oso pozik daude emaitzarekin, irakurleen harrerarekin eta prozesu osoarekin. “Talde moduan oso ondo funtzionatzen dugu, oso harrera polita izaten ari gara, aurkezpen asko egin ditugu eta liburuak asko mugitzen ari dira”, pozez agertu da Patas. Euskal Herriko hainbat txokotan izan dira liburuak idazleekin batera aurkezten eta hainbat azoka autogestionatutan ere egon dira: Durangoko Azoka Alternatiboan, Fakalagrapan —Karmelan egindako fanzine autoedizio eta kontrakultura azoka— eta Bilboko herri mugimenduaren azokan, Zirikako Herri Dendan.
2023ko abuztuan bidea hasi zutenetik lau lan argitaratu dituzte. Asmoa martxa berean jarraitzea da, hiri hilero lan bat kaleratzea. Estilo guztietakoak lantzen dituzte: saiakera, poesia, eleberria eta saiakera poetikoa dira lehen lauak, eta eskuartean dituztenen artean daude lurraren askapenaren inguruko nerabeentzako ipuin bat, Kanno Sugakoren egunerokoaren itzulpena —Meiji enperadorea hiltzen saiatzeagatik Japonian heriotzara kondenatutako lehen emakumea—, eta maskulinitatearen inguruko zenbait autoreen proposamena, oraindik forma hartzen ari dena.
Horien artean bakarra izango da euskaraz, nerabeentzako ipuina, hain zuzen. Trincherako kideek aitortu dute zorra dutela euskararekin eta argitu dute aldatzeko asmoa dutela. Izan ere, politikoki Euskal Herrian kokatzen dute proiektua, eta jabetuta daude hori hala izanagatik ere gaztelaniaz eman dituztela ia lan guztiak.
Orain arte jorratu dituzten proposamenak idazleek eurek egin dizkiete, gutxi izan dira Patasek eta Ivanek idazleei planteatutakoak. Hala, testuren bat argitaratu nahi duen oro animatu dute ideiak beldurrik gabe bidal diezazkien. Patasek azpimarratu du lan-denbora geldoak dituztela, baina urtean lau lan publikatzeko asmoa dutela, ahal dela hiruhileko bakoitzeko bana. “Aurten azken hiruhilekoan hiru argitaratu ditugu, horrekin batez bestekoa bete dugu”, aitortu du barrez.
Lanean jarraitzeko gogotsu daudela gaineratu du: “Oso jende jatorrarekin egin dugu lan, oso esker onekoak... Indarra ematen digu horrelako jendearekin lan egiteak”. Ivanek ideia lantzen hasten direnetik lana argitaratuta ikusten duten arteko prozesuaren ilusioan jarri du azpimarra: “Oso dinamika polita dugu gure artean, aurre prestaketa lanak oso gustagarriak dira, lanak publikatuta ikustea ere, gero hitzaldiak ematea... eta horrela hilabeteak arin batean pasatzen zaizkigu”.
Liburugintza independentea
Ibilbide osoan zehar inguruko beste editorial eta liburu-denda alternatiboekin harremanetan egon badira ere, Bilboko DDTrekin kasu, susmoa dute oraindik ere zabalagoa den eta ezezagun zaien zirkuitu independente eta alternatibo handia dagoela. “Pentsatzen duguna baino gehiago daudela uste dut, eta sare bat egon badagoela, gu oraindik sartu ez garena. Ez dago oso argi, zenbait ate jo nahi ditugu”, argitu du Patasek.
Ivanen hitzetan, askotariko editorial alternatiboak daude. Esaterako, Bilbon Bala arte liburu azokak hamarkada baino gehiago darama martxan, eta bertan autoedizioa eta edizio independentea lantzen duen jende asko biltzen da: “Plano artistikoagoan egiten dute lan, baina inguruan badaude politikoki diskurtso markatuagoa duten hainbat editorial”. Horiek ezagutzeko eta sarea ehuntzen hasteko editorial alternatibo eta autogestionatuen inguruko jardunaldi batzuk antolatzeko asmoa dute.
Argitaletxe independenteak eta merkatu zein zirkuitu ofizialetatik kanpo daudenak asko dira. Trincherak argitara eman dituen idazleen lanek bestelako editorialetan publikatzeko zailtasunak izango lituzketen galdetuta, bi kideek erantzun dute ezetz. Itxi Guerrak eta Olga Blázquezek, esaterako, aurretik beste etxe batzuekin argitaratu izan dituzte lanak eta erraztasuna dute editorial handiagoekin lan egiteko. Eneko Bustamanterentzako eta Kristina Pozorentzako lehen aukera izan zen Trincheraren atea jotzea.
“Uste dut gertutasunagatik eta jatorrak garelako egin dutela”, azaldu du Patasek, eta Ivanek gaineratu: “Esango nuke berotasun eta ezagutza kontu bat izan dela, gurekin probatzeko gogoa zuten, gertuko jendea eta jatorrak garelako”. Hala, samurtasunez eta goxotasunez jarraituko dute Trincheraren bereizgarri den maitasun zigilua zabaltzen liburuen bitartez.
Trincherak argitaratutako azken lanak
Danza de los cuerpos indomables (Eneko Bustamante Díaz)
Furgoneta batean espezie arteko familiarekin bizi den nomada baten poema liburua. Pertsonen artean zein naturako elementuekin harremanak izateko modu berrien inguruko hausnarketa. “Oso interesgarria da horrela bizi den norbaitek idatzi duelako, eta nabaria da naturarekiko duen hurbiltasuna”, zehaztu dute Trincherako kideek.
Caterva. Una cartografía de la violencia sexual contra la infancia (Kristina Pozo Sevilla)
Haurtzaroko sexu-abusuen inguruko kartografia. Kontakizun pertsonaletik abiatuta, poesia eta prosa nahasten ditu, narrazioa eta kokapen politikoa. Proposamenak errespetua eta beldurra ematen badu ere, testua ez da batere uherra eta iluna. “Benetan irakurri daiteke eta jende guztiari liburua hasteko gonbidapena luzatzen diogu”, aipatu dute argitaratzaileek.
Fin de cordada (Olga Blázquez Sánchez).
Mendi-literatur gisa sailkatuagatik, lagunarteko harreman baten hausturari buruzko kontakizuna da. Elkarri hitzik egin gabe bi urte daramatzaten bi lagun berriz jarri dira harremanetan, azkeneko aldiz elkarrekin eskalatu zutenean erabilitako soka itzultzeko. Aitzakia horrekin narrazioak mahai gainean jartzen ditu lagunarteko botere-harremanak, gaizki jokatzeak, gordetako mina, zaurgarritasuna... “Oso interesgarria iruditzen zaigu, edonor identifikatu daitekeelako bi aldeekin. Arratsalde batean irakurtzen da eta arrastoa uzten du”, borobildu dute Patasek eta Ivanek.