Egungo trikitixak gure kulturan dituen erroak eta adarrak erakutsi nahirik, Kepa Junkerak Bilboko Alondegian elkartu ditu Azkoitiko Iñaki Garmendia "Laja" eta Tomas Epelde trikilari klasikoetan klasikoak eta belaunaldi gazteagoetako bi ale, Legazpiko Agurtzane Elustondo (maiatzak 22an aurkeztuko du "Elustondo" bakarkako lehen diskoa) eta Hernaniko Xabi Solano (Etzakit, The Solanos, Esne Beltza).
Keparen esanetan, hainbatentzat ezezaguna den eta berak errespetu handia dion euskal kulturaren zati hori gerturatu nahi izan du Bilbora, besteak beste Azkoititik Bilboko Errekaldera izan daitezken aldeak eta loturak nabarmentzeko.
Elebitasun orekazail batean joan zen aurkezpena, publikoko elebakarrak desentonatzen zutenak eurak zirela ohartu ez arren.
Trikitixak tresna gisa izan ditzaken mugez harago, eta ohiturak ohitura, pasodoble, tango, mexikana edo tirolesak jo eta adibide hartuta jardun zuten guztiek ere. Tresnak berak adierazpide berezi gisa dituen ahalak erakutsiz, bertaratuen gozagarri. Pieza klasikoekin agurtu zuten publikoa.