Gurean zezenketaren zaletasunak eztabaidak pizten ditu eta batzuek euskal jatorriko arte bat dela eta zaletu asko duela defenditzen duten artean, besteek, krudelkeriaren eta espainoltasunaren adierazpen bat baino ez dela esaten dute.
Nik, demokraziazalea naizen aldetik, erreferedum bat egingo nuke zenbat diren batzuk eta zenbat besteak jakiteko, baina badakit gure agintariak ez direla erreferendum zaleak. Beraz alferrik nabil.
Bilbon urtero sortzen da eztabaida Aste Nagusia heltzerakoan eta Donostian, lau urte eta gero berriro jarri dituzte zezenketak, alkatetza aldatu bezain laster. Argi dago Eusko Jaurlaritzan, Aldundia Foraletan, Bilbon, Donostian zein Gasteizen agintzen dutenak zezenketazaleak direla. Beraz, suposatzekoa da, euren etxeetan zaletasun honetaz hitz egingo dutela seme-alabekin eta Espainiako Gobernuak eskaintzen dioten aukera honetaz baliatzen jakingo dutela. Bide batez aukera izango dugu zaletasun hori norainokoa den neurtzeko.
Gai izango al dira agintariok, zezenari adarretatik heldu eta datorren ikasturtean Tauromakia ikasketak ipintzeko Euskal Autonomia Erkidegoan?