Durangoko Azoka: bat ala gehiago?

Erabiltzailearen aurpegia Joserra Bilbao 2016ko urt. 11a, 12:51

Argazkia: Asier Sarasua Aranberri

Ez dut uste Prest-en irakurleen artean Durangoko Azoka zer den ez dakien inor egongo denik. Baina aldiz, zenbat izango ote dira aurtengo Azokaren barruko Areto Nagusia (ekitaldi ofizialak), Ahotsenea (literatura eta musika sortzaileak), Irudienea (euskarazko ikus-entzunezko sorkuntza), Plateruena (kontzertu handiak), Kabi@ (kultura eta eduki libreak), Saguganbara (ume eta gazteekiko transmisioa), Szenatokia (arte eszenikoak, solasaldiak, irakurketa dramatizatuak) eta Azoka TB (streaming bidezko telebisioa) bisitatu dutenak. Eta zenbatek izango ote zuen liburu eta disko saltzaileen erakusmahaiak lasai ikusteko aukera.

Durangoko Azoka euskal sortzaileen ekitaldi nagusi bihurtu da. Idazleek, musikariek, editorialek, kultur erakundeek, Azokari begira egiten dute lan urtearen zati handi batean eta bertan saltzen dute produkzioaren parte inportante bat. Bestalde, erakustoki garrantzitsu bihurtu da gure kultura lantzen ari den askorentzat eta ez ditzagun ahaztu komunikabide handietara iristeko arazoak ditutuzten ekoizle txikiak, beste inon agertzeko apenas aukerarik dutenak.

Baina Azoka gainezka eginda dago. Durangon astebeterako ostatua hartu eta egunero joaten ez bazara, ezinezkoa da osorik eta patxadaz ikustea. Beraz argi dago beste azoka bat ala batzuek behar ditugula, beste data batzuetan, Durangon bertan ala beste nonbait. Urteko gure produkzioa eta erosketak zatitzeak guztioi egingo liguke mesede, ekoizleei, sortzaileei eta erosleei, Euskal Herriari azken batean.