Shakespearek (1564-1616) bitan erabili zuen Bilbo, gure hiriburuko burdinaz egindako ezpatak eta girgiluak izendatzeko. Horrek adierazten digu ordurako horixe zela arrunten erabiltzen zen terminoa. Bestalde XVI, XVII, XVIII eta XIX. mendeetako euskarazko testu guztietan Bilbo agertzen da, salbuespen batekin, Garibaik argitaratutako errefrauetan “Bilbao, an bere dongeak birao” dakar, baina kasu hau errima kontua dela esan genezake.
Euskaltzaindiak, Koldo Mitxelenaren gidaritzapean argitaratutako Euskal Herriko Udalen Izendegia-n Bilbo agertzen da, azalpen honekin: “Bilbo da euskal izen arautua eta Bilbao erdaraz gorde den euskal izen zaharra.”
Ezin dugu jakin antzinako euskaldunak zein silabatan jartzen zioten azentua baina aztarna argi bat daukagu: ardáo hitza ardó bihurtu da eta ez árdo. Gaurko euskaldunok Bílbo ahoskatzen badugu, antzinakoek Bílbao ahoskatzen zutela pentsatzea da logikoena.
Gaur egun gauza bitxiak ikusten ditugu hiriko testu ofizialetan. Bilbao agertzen da, baina gero Bilbotik, Bilboko edo bilbotarra. Zein logika du horrek?
Beraz argi dago antzinatasuna, erabilera eta Euskaltzaindia Bilbo terminoaren alde daudela eta hori izan beharko litzatekeela ofiziala gure hizkuntzan.
Vitoria-Gasteiz, Pamplona / Iruña eta Donostia / San Sebastian ofizialak badira... Zergatik ez Bilbao / Bilbo?