Hipika

Erabiltzailearen aurpegia Joserra Bilbao 2016ko api. 1a, 09:41

Argazkia: hipodromoa.com

Bart telebista aurrean nengoela, zaldi-salto lehiaketa bat ikusi nuen. Kasu hauetan ohikoa izaten den legez irabazlea ‘ez dakit nongo markesa’ izan zen. Sarritan ikusten ditugu ‘bihotzeko’ aldizkarietan-eta, kirol honetara dedikatzen diren aristokrata, kortesano eta aberatsen gorabeherak.

Ez dut esango hipika kirola ez denik, ez eta meriturik ez duenik, baina argi dago kasu honetan kirolariak bat barik, bi direla, zaldia eta zaldizkoa, beraz irabazleak aipatzerakoan biak agertu beharko liratekeela.

Norbaitek esango dit zaldi bati, hau da, animalia bati ezin zaiola garaikurrik eman, pertsona bati baino. Bai baina ez, zeren beste zaldiketa mota bat ere badagoelako, zaldi-lasterketak hain zuzen, Euskal Herrian Donostiako hipodromoan egiten direnak adibidez. Lasterketa hauetan irabazlea zaldia izaten da eta argazkietan, zaldia eta jabea agertzen dira. Zaldizkoa nor izan den apenas aipatzen da. Nire ustez, diskriminazio honen arrazoia agerikoa da: irabazlea beti da ugazaba; zaldizkoa soldatapeko langilea denean baztertuta geratzen da eta irabazleak zaldia eta jabea dira, aldiz zaldizkoa ugazaba denean bera da irabazlea eta zaldia laguntzailea.

Donostiako hipodromoak aurten betetzen ditu 100 urte, 1916ko uztailaren 2an inauguratu baitzen, Espainiako Alfonso XIII.ren begiradapean, bera izan zelako hipodromoa egitea proposatu zuena. Aurten, Donostia 2016 Europako kultur hiria ospatzen den honetan, ez litzateke txarto egongo, besteak beste, zaldizko langile horien duintasuna eta izena goraipatzeko ekintzaren bat burutuko balute.