Baina… imajina ezazue Bizkaiko goi-mailako bertsolari bat. Orain urte bi, 2014an Bizkaiko Txapelketa jokatuko zuen eta iaz atsedena izango zuen, baina aurten berriro du Bizkaiko Txapelketa eta hori gutxi balitz, datorren urtean, 2017an Euskal Herrikoa izango du. Hau da, lau urtero hiru txapelketa jokatu beharrean dago eta hori oso nekagarria da. Nekagarria eta gogorra, txapelketak serio hartzen dituen bertsolari batentzat eta sines iezadazue bertsolari gehienek, denek ez esatearren, oso serio hartzen dituztela txapelketak.
Eta hau guztiau nora datorren galdezka egongo zarete batzuk. Bada erantzuna hauxe da: Fredi Paia gaur egungo txapeldunak ez duela parte hartuko aurten eta ziurrenik aurreko txapelduna izandako Arkaitz Estiballesek ere ez. Gogor egiten zaie eta gainera, beste batzuei bidea libre utzi gura die goi-mailara igotzeko. Berdin egin zuten orain urte batzuk Unai Irurriagak eta Igor Elortzak, eta askok txalotu egin genituen.
Ikusiko duzue hala ere, zein ondo pasako dugun aurtengo txapelketan. Fredi, Arkaitz, Unai eta Igorrekin saio normaletan gozatuko dugu.