Nire ustez, PPri botoa eman diotenek oso ondo dakite alderdi horretako askok lapurtu egin dutela, egiten dutela eta egingo dutela, ustelak direla hitz batean, baina ez zaie ardura. Hortxe datza problema. Eskumako alderdiei botoa ematen dietenak ados daude euren buruzagiekin eta ondo deritzote egiten dutenari, agian, egunen batean beraiek ere buruzagi izango direla amesten dutelako eta bitartean, entxufismoaren eta klientelismoaren bitartez gauza asko lortzen dutelako: lanpostuak, VPOko etxebizitzak, diru-laguntzak…
Eta gurean zer? Entxufismoari dagokionez berdin eta bestela ere antzera.
Adibide bat. Oraintsu agertu dira Eusko Jaurlaritzakoek esanaz, euskal herritarrak torturatuak izan direla urteetan zehar eta gainera, Amerika deskubritu dutenaren itxurak egiten azaldu dira. Eusko Jaurlaritzako buruzagiek eta euren boto emaileek ere, oso ondo jakin dute, dakite eta jakingo dute, herritar bat bost egunez inkomunikatuta dagoen bitartean, polizia espainolen, guardia zibilen zein ertzainen eskuetan, iluntasuna dela nagusi eta torturatzea ez dela arraroa izaten.
Gizarteari ustel-hatsa dario.